Borrar
Bingen Zupiria, Igone Etxebarria eta Lorea Bilbao. Irekia
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmen berria sinatu dute Labayrurekin, euskal kultura sustatzen jarraitzeko

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmen berria sinatu dute Labayrurekin, euskal kultura sustatzen jarraitzeko

Akordio honek hiru erakundeen arteko lankidetzarako oinarri orokorrak ezartzen ditu 2021etik 2024ra bitarteko aldirako

Zurekin

Miércoles, 12 de mayo 2021, 13:05

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Labayru Fundazioak lankidetza-hitzarmen berri bat adostu dute, eta Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Igone Etxebarriak, Labayru Fundazioko zuzendariak, elkarlanerako oinarri orokorrak ezarriz hiru erakundeek sinatutako agiri horren berri eman dute.

Hitzarmen honek lexikografiaren arloko programak finantzatuko ditu, baita Bizkaiko euskararen corpusa bultzatzea helburu dutenak ere. Labayru Fundazioak, halaber, lankidetzan jardungo du unibertsitateekin eta beste erakunde akademiko batzuekin bere helburu nagusia betetzeko hizkuntzaren arloko ikertzaileak prestatzeko: euskal kulturaren balioak garatu eta eguneratzearen aldeko lanak eta zerbitzuak sustatzea.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Jarraipen Batzorde bat arduratuko da hitzarmenean aurreikusitako jarduerak aztertzeaz eta garatzeaz, eta ordaindutako gastuen jarraipena egingo du. Akordio berria lau urterako aurreikusten da, 2021-2024 aldirako.

Lankidetza hitzarmen honekin dagoeneko 21 urte dira hiru erakundeek euskal kulturaren alde elkarrekin lan egiten dutela. Ildo horretan, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu Bingen Zupiriak adierazi du «Labayru beti izan dela erakunde estrategikoa Eusko Jaurlaritzarentzat. Bizkaitik Euskal Herri osorako proiekzioa duen erakundea», alegia. Halaber, gaineratu du «Labayru Fundazioa euskararen munduan erreferentzia-erakunde bihurtu dela, batez ere Euskal Herriaren sartalde honetan, batez ere sartalde euskara, bizkai euskara ere deritzona, bizi den eta dirauen lurralde honetan».

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak azaldu duenez, bestalde, «ezaguna da Labayruk euskal kulturan egiteko estrategikoa daukala eta hain zuzen be horregaitik nahi dogu bere lanari aitortza, eta segida eman hitzarmen honekin. Bizkaiko Foru Aldundiarentzat lankidetza konpromiso honek garrantzia handia dauka, Labayru Fundazioak euskararen sustapenean, zabalkundean, material didaktikoaren sorkuntzan eta irakaskuntzan egindako ibilbidea eta lana oso oparoa da». Bilbaok gaineratu du «Bizkaian duela egoitza Labayruk baina adarrak euskararen eremu osoan dituela. Eragina eta ekarpena esan bezala euskararen eta euskal kulturaren eremu osorakoa da. Nik gaur hori aitortu nahi diet eta indarrean jarri eginiko ahalegina».

Bestalde, Igone Etxebarriak, Labayru Fundazioko zuzendariak esan duenez «hitzarmen markoak laguntasun horren jarraikotasuna adierazten dau, eta hori be guztiz garrantzitsua da gure lana epe luzeagora enfokau ahal izateko. talde konprometidua daukagu, eta, behar dan babesa euki ezkero». Etxebarriak zera adierazi du: «gure hizkuntza eta gure ondarea zabaltzen jarraituko dogu».

Labayru fundazioari buruz

Labayru Fundazioa 1977an sortu zen, euskal hizkuntza eta kultura ikertu, sustatu eta zabaltzeko. Helburu horiek lortzeko hainbat arlotan egiten du lan, bai ikerketan, bai dibulgazioan: irakaskuntza, itzulpengintza, herri-ondarearen bilketa, euskararen erabilera normalizatzeko planak, etnografia, lexikografia, toponimia...

Gaika antolatuta dagoen Euskal Biblioteka ezinbesteko osagarria da lan horretarako, eta Euskal Herriari, bere hizkuntzari eta inguruko lurraldeei buruzko ondare bibliografiko eta dokumental baliotsua gordetzen du: liburutegia, hemeroteka, dokumentu-artxiboa, argazki-artxiboa, ikus-entzunezko funtsa, kartelak eta bestelako dokumentazioa, besteak beste liburuxkak, pegatinak, egutegiak...

Labayru Fundazioa euskara mintzatuaren erreferentziazko erakundea da Bizkaian. Alde batetik zerbitzuak ematen ditu: alfabetatze eta euskalduntze eskolak, itzulpenak, euskararen erabilera planak. Eta bestetik, ikerketara bideratutako zentroa da, batez ere euskara, literatura, etnografia eta bibliografia bezalako arloetan. Bi jarduerak hertsiki lotuta daude, ikerketaren emaitzek zerbitzuetan dutelako eragina eta argitalpenen oinarria direlako.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios