https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eusko Ikaskuntzak Juan Ignacio Perez euskal ikertzailea eta Aizpea de Atxa artista nafarra saritu egin ditu

Eusko Ikaskuntzak Juan Ignacio Perez euskal ikertzailea eta Aizpea de Atxa artista nafarra saritu egin ditu
Eusko Ikaskuntza

Ikertzailea euskal gizartean kultura zientifikoa sustatzeagatik saritu dute eta artista, berriz, «Inpostura» performance lanarengatik

UNAI SARRIUGARTE

Juan Ignacio Perez EHUko errektore ohiak Eusko Ikaskuntzaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien 2019ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa garaikurra jaso du.. Bestalde, Aizpea de Atxa artista nafarraren «Inpostura» performance lanari Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria eman diote. Atxak 6.000 euroko diru-laguntza jasoko du garaikurrarengatik.

Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun eta errektore ohia da Juan Ignacio Perez Iglesias. EHUn ibilbide oparaoa landu duena. 1985. urtean hasi zen ikertzaile eta irakasle filologiaren esparruan, eta,1999. urtetik katedraduna da.

EHUn hainbat kargu garrantzitsu izan dituen ikertzailea da: Jakiunde elkartearen Jakin-mina programaren koordinatzaile eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria esaterako. Era berean, sari zientifiko bat baino gehiago irabazi izan du, 2014. urtean PRISMAS garaikurra eman zioten, dibulgazio zientifikoa aintzatesten duena.

Euskararen erabilera EHUn sustatzea izan da Perezen ekarpen garrantzitsuenetako bat. Gainera, komunikabideetan lan handia jorratu izan du errektore ohiak, gehienbat hedapen zientifikoa sustatzeko espazioetan eta baliabide digitaletan egindako ekarpenean.

Bestalde, Aizpea de Atxa artista nafarraren obrak publizitateak eta sare sozialek gizartean sortzen duten irudia aztertzen du. Honen inguruko hausnarketa du hizpide maisulan honek eta desegite-praktikan oinarritzen da. Aizpea egun Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederrak ikasten dabil buru belarri.

Atzo, uztailak 11, Hernaniko Chillida Lekun burututako ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Sariak banatzeko ekitaldiaren buru.

Lehendakariaz gaindi, Euskadiko eta Nafarroako erakundeetako eta ikasketen, kulturaren eta gizartearen munduko ordezkari ugari bildu ziren bertan: Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San José, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia eta Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano besteak beste.

Temas

Upv, Euskera