https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskelec, ibilgailu elektrikoen lehen txapelketa Gasteizen

Bihar izango da eta Lanbide Heziketako 140 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute

PAUL PICADO

Orain arte ez da inoiz antolatu Euskadin mota honetako txapelketarik, beraz lehen aldia izango dugu biharkoa. Txapelketa honetan Euskadi osoko Lanbide Heziketako 11 zentroetatik etorritako 140 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute. Mendizabalako parkingean izango da eta ikasleek diseinatu eta eraiki dituzten ibilgailu elektrikoak ikusteko aukera izango dugu.

Txapelketaren barruan antolatutako jarduerak egin ahal izateko, eremu jakin bat utziko da Mendizabalako zabalgunean, parte-hartzaileek proba dinamikoak egin ditzaten. Talde bakoitzak lau proba egingo ditu: azelerazioa, balaztatzea, slalom eta erresistentzia, eta horietan lortutako puntuazioa kontuan hartuz, ibilgailu elektrikorik eraginkorrena hautatuko da.

Ibilgailu guztiek oinarri bera dute, hots, motorra, motor kontrolatzailea eta bateriak, eta hortik abiatuz, talde bakoitzak bere hobekuntzak egingo dute ahalik eta eraginkorrena den ibilgailu elektrikoa sortzeko. Parte hartuko duten 11 taldeen artean Arabako bat dago: Mendizabala Institutua.

Egitaraua oso goiz hasiko da, 07.00etan hain zuzen. Ordu horretan harrera egingo zaie taldeei. Erregistratu eta talde bakoitzari dokumentazioa eman ondoren, 08.00etatik 10.00etara, parte hartuko duten ibilgailuen egiaztapen tekniko guztiak egingo dira. Publikoa 10:00etatik aurrera sartu ahalko da arestian aipatutako probak ikusteko, hots, azelerazioa, balaztatzea, slalom eta erresistentzia probak, baina txapelketaren unerik garrantzitsuena 12.00etan izango da, ordu horretan egingo baita erresistentzia proba, ordu erdiko entrenamendu libreak egin ondoren. Sari-banaketa, azkenik, 13.00ean izango da.

Txapelketa irabazten duen taldeari beka bat emango zaio 2018ko Formula Studen Spain lehiaketan parte har dezan. Baina ez da izango sari bakarra; beste hiru sari ere banatuko dira: berrikuntzaren AIC saria (bi beka AIC Campus murgiltze programan parte hartzeko), Irizar e-mobility saria diseinurik onenari (Adunako instalazio berriak ikusteko aukera) eta Fabrikazioaren AIC saria (beste bi beka AIC Campus murgiltze-programan parte hartzeko).

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos