https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskarazko heavy metalak bizirik dirau!

Su ta Gar taldeak aho bete hortz utzi zituen larunbat gauean Abandoibarrara gerturatu ziren zaleak

UNAI SARRIUGARTE

Milaka pertsona hurbildu ziren larunbat gauean Abandoibarrako agertokira, Su Ta Gar musika taldeak eskainitako kontzertuaz gozatzeko helburuarekin. Eibarko laukoteak ongietorria eman zion Bilboko Aste Nagusiko eskaintza musikalari.

Aitor Gorosabalek gidatutako laukotea ezin baino hobeto ibili zen oholtza gainean. Bi ordu pasatxo iraun zuen kontzertuan musika taldeak 31 urteko ibilbide musikalean jorratu izan dituen abesti esanguratsuen errepaso bat buru zuen. Eguraldia lagun, gau magiko bat izateko osagai guztiek bat egin zuten.

«Diruaren esklabu» abestiak eman zion hasiera musika emanaldiari. Ondoren, speed metalak testigua hartu zuen «Sarrera» eta «Heriotzaren semea» kanten bitartez. Kontzertuaren lehendabiziko zatia nahiko gogor hasi zen, taldeko bi buruen gitarren arteko lehia ikaragarriarekin. Aitor Gorosabelen eta Xabi Bastidaren gitarra hotsek Abandoibarrako agertokira gerturatu ziren zaleak mugimenduan jarri zituen.

Galder Arrillaga bateria-jolearen mugimendu zehatzak eta Igor Diezen baxu soinuak bi taldeburuen gitarren soinu hotsekin uztartu ziren. «Nire Zainetan» abestiak erritmoak apur bat lasaitu zituen. «Zure aurrean makurtzen naiz» abestiak zaleak berriro ere dantzan eta oihuka jarri zituen arte.

Ondoren, Su Ta Gar taldearen kanta ezagunenen errepasoaren txanda heldu zen. «Jo Ta Ke» eta «Mari» abestien leloak agertokiaren jaun eta jabe izan ziren. «Gudari» heavy metal laukotearen ibilbidearen lehenengo maketako abestiak amaiera eman zion kontzertuaren lehen zatiari.

Musika emanaldiaren bigarren zatia ere gogor xamar hasi zen. «Jaiotze basatia» eta «Basamortuetako zalduna» kantek hasi zuten. Ondoren, bere bigarren albumeko «Itxaropena» abesti ezaguna ekarri zuten gorora.

Gorosabelek Judas Priest musika taldeari keinu ederra egin zion, euren kanta den «Elektrik ai!» interpretatuz. Izan ere, abesti hauxe azken 30 urteotan euskarazko heavy metal talde ospetsuena izan dena sortzera animatu zituen abestietako bat da.

Mikel Laboa donostiar musikagilearen «Haika mutil» abesti klasikoa jotzeko aukera ere izan zuten. Gainera, beste hainbat abesti ere jo izan zituzten: «David eta Golliath», «Etsi gabe», Sistematik ihes«, »Nire zainetan«, » Zure aurrean makurtzen naiz«, »Nazka«, » Infernurako bidean« etab.

Taldeak azken hamabi hilabeteotan Bilbon ematen duen bigarren kontzertua da. Izan ere, neguan Boluetako Santana 27 agertokian kontzertu bat eskaini zuten. Hortaz, abenduan musika emanaldi horretara gerturatutako zale askok ez zuten Su Ta Garren biraren azken kontzertua galdu nahi izan.

Aipatu dugunez hauxe Su Ta Gar taldearen 30. urteurrenaren biraren azkenengo kontzertua izan da. Taldearen lehendabiziko kontzertua 1988. urteko abuztuan izan zen Ondarroako gaztetxean. Harrezkero 31 urte daramatza eibartar taldeak Euskal Herriko txoko ezberdinak euren heavy metal kutsuko euskarazko kanta ezberdinez girotzen.

Temas

Euskera