https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskarazko dokumentazio zentro digitala sortu dute Guggenheim-aren webgunean

Guggenheim museoaren xehetasuna./Ignacio Pérez
Guggenheim museoaren xehetasuna. / Ignacio Pérez

Museoak 1997an zabaldu zenetik hartu dituen erakusketa guztien inguruko informazioa bildu dute 'Artitz' delakoan. Erakusketei buruzko katalogo osoak edo saiakera hautatuak, erakusketa bakoitzeko artelan jakin batzuei buruzko azalpen konkretuak eta erakusketak laguntzeko lantzen diren eduki didaktikoak ditu, besteak beste

AMALIA IBARGUTXI

Arte garaikideko erakusketen inguruan euskaraz sortutako edukiak bildu, eta klik bakarrean eskuragarri ipintzen dituen plataforma sortu dute Guggenheim Museoan. 'Artitz' deitu diote dokumentazio-plataformari, eta asmoa da museotik igarotako erakusketen inguruko edukiak, ikusgai daudenak eta etorkizunean izango direnen inguruko informazioa integratzea.

Oraingoz, 44 erakusketari dagozkien 1.305 dokumentu jasotzen ditu plataformak. Museoak ondu duen arte- eta hizkuntza-ondarea biltzea da xedea, eta Eusko Ikaskuntzak egindako dokumentazio-lana gehituko zaio gune horri, hartara informazio bolumena handitzen joango delarik pixkanaka.

Museoak 1997an ateak zabaldu zituenetik hartu dituen erakusketa guztien inguruko informazioa bildu dute, irekieraren XX. urteurrenarekin bat eginez. Horrela, erakusketa guztien atzean dauden kontzeptuak euskaraz partekatu dituzte.

Eduki esanguratsuenak bildu dituzte plataforman. Erakusketei buruzko katalogo osoak edo saiakera hautatuak; erakusketa bakoitzeko artelan jakin batzuei buruzko azalpen konkretuak emateko idazten diren entzuteko giden gidoiak; erakustaretoetan jartzen diren testuak artelanen hautaketari buruzko azalpen interesgarriak emateko; edo erakusketekin batera eta horiek laguntzeko lantzen diren eduki didaktikoak.

Museoaren webgunean dago eskuragarri dokumentazio zentro digitala. Edukiak hainbat mailatan konfiguratuta ditu, erabiltzaile espezialista nahiz amateurrak baliatzeko. Arte eta hezkuntza arloetako profesional eta ikasleentzako izango da «bereziki erabilgarria» kontsulta-lanabesa sortzaileen ustez. Hala, erabiltzaileak interesatzen zaiona aurki dezake, «ahalegin minimoa eginez esperientziarik onena izateko».

Artitzek bilatzaile intuitiboa du, hainbat filtroren bitartez bilaketa zehatzagoak egiteko aukera eskaintzen duena: erakusketak edo artistak bilatu daitezke, adibidez ordena alfabetikoan, eta urteka ere egin daiteke bilaketa. Informazioaren hierarkia eta diseinua optimizatu dituzte «erabiltzaileak azkar sar daitezen webgunearen alderdirik garrantzitsuenetan, eta aukera izan dezaten horietan sakontzeko, behar edo nahi duten heinean». Gainera, Artitzeko erregistroak Europeanaren —Europako liburutegi digitala— datu-eredura egokitzeko lanetan ari dira.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos