https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskararen sustapenera, Artium museora... bideratuko du Jaurlaritzak laguntza gehien

Artium museoa./
Artium museoa.

Proiektu guztiek hiru zehar-lerro izango dituzte komunean: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, euskararen sustapena eta nazioartekotzea

AMALIA IBARGUTXI

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak datorren urteko zenbait lan ildoren berri eman du, aurrekontuetan oinarrituta. Museoetara, ekimen kulturaletara eta horiek nazioartekotzera, Euskaraldira eta euskara ikastaroetara bideratuko dute 260.137.000 euroko aurrekontua, besteak beste. Aurtengo aurrekontuarekin alderatuta, %3,8an handitu dute 2019. urtekoa.

Hasteko, artearen euskal sistema sendotzeko egingo den esfortzua azpimarratu du Bingen Zupiria sailburuak. Museoak lagunduz egingo dute hori. Tartean, Artium Gasteizko museoa daukagu, zinari diru laguntzak gehitu dizkioten.

Milioi bat euroko ekarpena egingo du Jaurlaritzak 2013 eta 2016 urteen artean egin zituen «ekarpen txikiagoak konpentsatzeko». Bestetik, beste milioi bat euro emango zaio Museoaren sozietate ukandunari, obra berria erosteko ahalmena hobetzearren. Bilboko Arte Ederren Museoari egindako ekarpenak ere gora egingo du, «inbertsioak egin eta ateak irekitzeko museoa handitzeko aukerari». Eta, esan bezala, Gasteizko Artium Museoari eginiko ekarpenak ere «inbertsioak egin eta jarduera-programa indartzeko» handituko dituzte.

Kultura Sustatzeko zuzendaritzaren aurrekontu gehiena euskal sortzaileen lana babesteko erabiliko dutela ere nabarmendu du Zupiriak, iaz baino %5 gehiago bideratuta arte eszenikoak babestera. Zineuskadiri eta Euskadiko Filmategiari emandako laguntzak ere handitu dituzte, hala nola Euskadiko Orkestra Sinfonikoari, Irudika Nazioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionalari eta Bilboko Azkuna Zentroan egingo den Eremuak euskal artistek bultzatutako proiektu autogestionatuari. Euskal artearen kontaera «dinamizatu, nazioartekotu eta osatzea» dituzte helburu horrela.

Euskara doan ikasteko

Hizkuntza politikari dagokionez, adierazi du sailburuak euskarazko hedabideak sendotzeko ere «ahalegin berezia» egingo dutela, eta 2020. urterako, euskarako B2 mailarainoko doakotasuna lortzeko ikasleentzako diru-laguntzak igoko dituztela. Halaber, HABEren (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) bitartez euskaltegi pribatuek (hau da, udalen mende ez dauden euskaltegi horiek) jasotzen duten laguntza handitu egin dute, euskaltegi horietako langileen onerako.

Jaurlaritzak eta aldundiek euskarazko hedabideak finantzatzeko eta babesteko eredua aldatzea erabaki dute, nahiz eta ez duten berriaren nondik norakorik eman. Hedabideetan ez ezik, euskara ingurune digitalean ere sendotu nahi dute, eta horregatik, adibidez, euskarazko Wikipedia sustatuko dute.

Euskara sustatzeko eta hiztunak aktibatzeko bidean, Euskaraldiaren eraginkortasuna neurtzen eta euskara sustatzeko dauden estrategiarik eraginkorrenak identifikatzen egingo dute lan, eta euskara sustatzeko hainbat ekimen bultzatzen jarraituko du: Mingaina Dantzan udalekuak, irakurketa euskaraz sustatzeko Galtzagorri Elkartearen proiektua edota Euskarabentura.

Bestalde, nazioartean aitortza ofiziala lortzeko apustua egiten duten federazioei laguntzeko diru-sail berri bat sortuko du Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzak.

Proiektu guztiek hiru zehar-lerro izango dituzte komunean: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, euskararen sustapena eta, azkenik, nazioartekotzea. Euskara eta euskal kultura nazioartera eramateko, Etxepare Euskal Institutua izango da Sailaren tresna nagusia. 'Eskozia 2019' programaren bidez euskal kultura eta Euskadiko sortzaileen lana herrialde horretara eramango da, proiektu ezberdinen bitartez eta arreta berezia jarriz ospe handiko hango jaialdietan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos