https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskararen 'osasuna' hobetu egin da Osakidetzan

Euskararen 'osasuna' hobetu egin da Osakidetzan

Euskal hizkuntzaren presentzia eta erabilera bermatzea lortu dela azpimarratu dute arduradunek eta langileen %39ak titulua aurkeztu du jada

JAN ECHEVARRÍA

Euskarak gora egin du Osakidetzan. Hori da behintzat, Euskal Osasun Zerbitzuaren 2013-2019 aldirako Euskararen II. Planaren bitarteko ebaluaziotik ondorioztatu daitekeena. Txostenaren arabera, planak indarrean daramatzan urteotan «aurrera» egin da helburuen lorpenean; hau da, euskararen presentzia eta erabilera bermatzea lortu da zerbitzuko hizkuntza gisa (ahoz eta idatziz), kanpo zein barne harremanetan, eta euskara laneko hizkuntza bihurtzea izan da posible baldintzek hori ahalbidetzen duten zerbitzu eta unitateetan. Gainera, azterketareen arabera, Osakidetzaren 2005-2012 aldirako Euskararen I. Planetik hona eskuratutako lorpenak «sendotu» egin dira.

Txostena astelehen honetan aurkeztu zuten, eta, orokorrean, euskararen presentzia, erabilera, kalitatea eta funtzionaltasunari buruzko irizpideak irudi korporatiboaren elementuetan «maila altuan» aplikatu direla esan zuten arduradunek. Hortaz aparte, zerbitzu erakundeen artean ezberdintasunak dauden arren, orokorrean, lehenetsitako hizkuntzaren erregistroa «erritmo onean» doa: 2017ko abenduan, Osakidetzaren erabiltzaileen %40k erregistratuta zuen lehenetsitako hizkuntza. Zehazki, 200.000 erabiltzailek hautatu dute euskara osasun arreta jasotzeko lehenetsitako hizkuntza izateko eta langileen %39ak titulua aurkeztu du jada.

Euskararen erabilera eta presentziari dagokionez, pazienteen puntuazioa 6,4koa izan da, 0 eta 10 bitarteko eskalan, eta erakundeen artean ezberdintasunak baldin badaude ere, orokorrean, zerbitzu eta profesional elebidunak «erritmo onean» identifikatzen ari dira eta plangintza aldiaren amaierarako «aurrerapen handia» egitea aurreikusi da.

Gainera, planean ezarritakoaren arabera, erakunde gehienek bere gain hartu dute plana garatu eta zabaltzeko zuzendaritza eta buruzagitzak inplikatzearen beharra.

Hizkuntza eskakizunak

Eta zer gertatzen da hizkuntza eskakizunekin? «Lanpostuaren hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten langileen portzentajea zerbitzu erakundeek arreta ematen duen lurraldearen biztanle elebidun kopurua baino altuagoa da». Horrez gain, langile elebidunen kopuruaren bilakaera «positiboa» da erakunde askotan, eta urteko batez besteko hazkundea %2,82koa izan da. Hazkunde hori euskalduntze prozesuei esker eta zerbitzu erakundeetan langile berriak kontratatu eta txertatzeari esker ematen ari dela ondorioztatu du azterketak.

Lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko lan orduetako liberazio kopurua mantendu egin da hiru urteotan, baita euskara ikastaroetara lan orduetatik kanpo joaten diren langile kopurua ere. Lan orduetatik kanpo euskalduntze ikastaroetara joaten diren langileen ahalegina nabarmendu du Osakidetzak.

Bestalde, planaren helburuak bete egin dira kalitate sari eta ziurtagiriei dagokienez, eta ezarritako gutxiengoa gainditu da. 2015ean bi erakundek eskuratu zuten tarteko ziurtagiria, 2016an zazpi izan ziren, eta 2017an beste batek lortu zuen. Gainera, azken hiru urteetan «modu sistematikoan» ekin zaio oinarrizko terminologia eta estandar klinikoak bildu eta euskarara egokitzeko prozesuari, eta etorkizunean Osakidetzan euskaraz lan egiteko eta historial klinikoa bi hizkuntzetan edukitzeko faktoreetan sakondu da. Oso aurrerapauso garrantzitsua normalizazioaren alde egiteko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos