Borrar
Urgente En directo, Bilbao Basket-Gran Canaria
Euskararen Interpretazio Zentroan zentzumenetan oinarritutako bisita ludiko eta zehatza eskaintzen zaie bisitariei.

Ver 17 fotos

Euskararen Interpretazio Zentroan zentzumenetan oinarritutako bisita ludiko eta zehatza eskaintzen zaie bisitariei. Luis Ángel Gómez

Euskararen Interpretazio Zentro berrituak urte bat bete du, oraindik ez zara bertaratu?

Lehenengo urte honetan 6.252 pertsona igaro dira San Inazioko Euskararen Etxeko erakusketa egonkorretik

Asteazkena, 28 otsaila 2024, 00:13

Comenta

Joan den astean Euskararen Interpretazio Zentro berriaren (EIZ) lehen urteurrena bete zen, eta une horren garrantzia kontuan hartuta, Iurdana Acasuso Euskararen Etxeko zuzendariak Bilboko San Inazioko kultura-etxe horrek eskaintzen duen esperientziaren nondik norakoak azaldu dizkigu. Egitura moderno, konpleto eta interesgarriak harritu egiten du eskaintzen dituen aukera ugariengatik; izan ere, erreforma egin zuten arte, «zentroa irakurtzera gidatuta zegoen, baina orain askoz 'esperientzialagoa' da». Laburbilduz, euskararen inguruko eduki asko eskaintzen du diseinu berritzaile eta erakargarri baten bidez.

Euskararen Etxeko hainbat aretotan banatua dagoen interpretazio zentro hau zabalik dago astelehenetik ostiralera (10.00etatik 19.00etara), eta larunbatetan (10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara). Egunero bertaratzen dira Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ikastetxeetako ikasleak (Lehen Hezkuntzatik Lanbide Heziketara) bisita gidatua egitera, baita euskaltegi, hizkuntza-eskola, unibertsitate eta elkarte ezberdinetako taldeak ere. Era berean, gidariek norbanakoei arreta emateko tarte batzuk ere badituzte, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez (nahiz eta eduki guztiak frantsesez ere irakur daitezkeen). Gainera, iraganeko erakusketan ez bezala, bisita gidaririk gabe ere egin daiteke «eta horrek bisitatzen gaituzten norbanakoen kopurua nabarmen handitzea ekarri du», dio Acasusok. Guztira, 6.252 pertsona igaro dira bertatik.

Zure bisita

  • Bisita librea Bakarka edo taldean etor zaitezkete Euskararen Interpretazio Zentroko erakusketara, ondoko ordutegian: Astelehenetik ostiralera: 10.00etatik 19.00etara. Larunbatetan: 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara.

  • Bisita gidatuak: Bisita gidatuak egiteko aukera dago. Bisita horiek ordu tarte hauetan egiten dira. Euskarazko bisita gidatuak: Astelehenean, 16.30ean; ostegunean, 12.00etan, eta larunbatean, 12.00etan. Gaztelaniazko bisita gidatuak: Asteartean, 12.00etan; asteazkenean, 16.30ean, eta larunbatean, 11.00etan.

  • Kontuan izateko Ordutegi horietatik kanpo, taldeek bisita bereziak eskatzeko aukera dute; jarri harremanetan Euskararen Etxearekin : 94 402 80 81 / info@euskararenetxea.eus

Duela urtebetetik hona egin dezakegun doako bisitara itzuliz, esperientzia hau eraikinaren harreraren ondoko gelan hasten da. Gaiari heltzeko, osasunari, kulturari, hezkuntzari eta abarri buruzko datuak ezagutzeko aukera eskaintzen zaie bisitariei, pantaila interaktibo bateko botoietan sakatuz. Zenbat lagunek ikasi zuten euskaldunen hizkuntza 2023an Asian? Zein izan da ikus-entzunezko ekoizpenen edo bideojokoen azken aldiko bilakaera? Zenbat lan argitaratu ziren iaz euskaraz? Hau da, interesdunek informazio mordoa jasotzen dute bisita hasi eta gutxira, Eustat inkesta soziolinguistikoaren, Osakidetzaren eta beste erakunde batzuen azken datuei esker.

1. Euskararen historiaren unerik garrantzitsuenak erakutsiko zaizkigu infografia kronologiko baten bidez. 2. Bisitariak karaokean. 3. Euskararen Etxeko sarrera.
Imagen principal - 1. Euskararen historiaren unerik garrantzitsuenak erakutsiko zaizkigu infografia kronologiko baten bidez. 2. Bisitariak karaokean. 3. Euskararen Etxeko sarrera.
Imagen secundaria 1 - 1. Euskararen historiaren unerik garrantzitsuenak erakutsiko zaizkigu infografia kronologiko baten bidez. 2. Bisitariak karaokean. 3. Euskararen Etxeko sarrera.
Imagen secundaria 2 - 1. Euskararen historiaren unerik garrantzitsuenak erakutsiko zaizkigu infografia kronologiko baten bidez. 2. Bisitariak karaokean. 3. Euskararen Etxeko sarrera.

Bisitak aurrera egin ahala, sorpresa berriak agertzen dira. Eva Tuneu museografoak diseinatutako hasiera eta amaierarik gabeko ibai bat proiektatzen laguntzen duten ispiluz betetako aretoan, adibidez, 'Askotarikoa', 'Transmisioa' eta 'Komunitatea' eremuek aukera ematen diote bisitariari euskalki ezberdinak entzuteko, gurasoengandik seme-alabengana hizkuntza transmititzen joan diren familien argazkiak ikusteko, abian jarritako lehenengo ikastoletako irakasleen esperientziak ezagutzeko eta euskal hizkuntzarentzat mugarri izan diren Korrika, Bai euskarari eta Durangoko Azoka bezalako herri ekimenak nola sortu ziren gogoratzeko.

«Bisitariak gonbidatzen ditugu hitzak sortzera, karaoke batean abestera...»

Iurdana Acasuso

Euskararen Etxeko zuzendaria

Era berean, udalerri jakin batzuetan bakarrik erabiltzen diren hitz batzuei buruzko informazioa jasotzeko aukera ematen da, hitz batzuk elkartuz (jolas+toki, begi+zulo...) beste batzuk sortzeko gonbita egiten da, euskararen hitz zaharrenetako batzuk ezagutarazten dira, eta beste hizkuntza batzuetatik zein jaso ditugun eta guk beste hizkuntzetara zein ekarpen egin ditugun jakinarazten da ere. Jakina, euskararen historiaren unerik garrantzitsuenak erakutsiko zaizkigu, Babeleko Dorretik abiatzen den eta Irulegiko Eskua, Axularren 'Gero' lana eta beste zenbait gertaera zehatz erakusten dizkigun infografia kronologiko baten bidez. Ildo horretan, etorkizuneko erronkei buruz hitz egiteko aukera ere izango dugu.

Hori gutxi balitz, bisita bukatzear dagoela, bi jarduera original eta dibertigarritatik igaroko gara: lehenengoa, fotomatoi moduko bat, non, ausazko irudi batzuen aurrean ditugun erreakzioak kontuan hartuta, bertso pertsonalizatua jasoko dugun opari bezala; eta, bigarrena, karaoke bat, non kantari gisa ditugun dohainak erakutsi ahal izango ditugun Kirmen Uriberen olerkian inspiratutako Mikel Udangarinen 'Munduari begiratzeko modu bat' kanta abestuz. Ikastetxeen kasuan, gainera, ordubeteko bisita-tailer gehigarria egiteko aukera eskaintzen da.

Horregatik guztiagatik, oraindik Euskararen Interpretazio Zentrora joan ez bazara, ez dakigu zeren zain zauden!

Iurdana Acasuso Euskararen Etxeko zuzendariak datu ezberdinak erakusten dizkigu pantaila interaktibo batean. L.A. Gómez

«Orain daukagun erronka bisita birtualak egitea da»

Esan bezala, lehen urte honetan 6.252 pertsona eta 319 talde pasa dira EIZetik (% 95ek bisita gidatua egin dute). Horietatik, % 5,1 modu librean bertaratutako norbanakoak izan dira, % 80,9 ikastetxeetatik iritsi dira eta % 14, berriz, hizkuntza-eskola, euskaltegi, unibertsitate eta elkarte ezberdinetako taldeetatik. Guztira, 350 bisita gidatu egin dira, % 69,7 ikastetxeei eskainitakoak, % 20,6 gainerako taldeei eta % 9,7 norbanakoei.

Dena den, Euskararen Etxeko zuzendariak azaldu duenez, «orain, gure erronka bisita birtualak egitea da; alde batetik, edozein unetan egin daitekeen bisita bat (euskal diaspora handi bat Ameriketan dago, eta hor orduaren muga garrantzitsua da); eta, bestetik, gida duen bisita bat (Nafarroatik edo Iparraldetik etorri ezin diren zentroei aukera bat emateko)».

Argi dagoena da zenbat eta baliabide gehiago izan gure hizkuntzaren historia eta gainerako informazioa ezagutarazteko, orduan eta hobeto.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Euskararen Interpretazio Zentro berrituak urte bat bete du, oraindik ez zara bertaratu?