https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Euskararen eskaintza eta eskari digitala indartzea ezinbestekoa da»

Emakume bat, informazioa bilatzen ordenagailuan. /Fotolia
Emakume bat, informazioa bilatzen ordenagailuan. / Fotolia

Hala adierazi dute PuntuEUS Fundazioko arduradunek, gaur Interneten Nazioarteko Eguna ospatzen dela aprobetxatuz

EL CORREO

«Euskararen bizitasun digitala bermatu nahi badugu, euskararen eskaintza eta eskari digitala indartzea ezinbestekoa da». Hala adierazi dute PuntuEUS Fundazioko arduradunek, euskal hizkuntzaren eskaintza eta eskari digitala indartzeko deia egingo dutenak, gaur Interneten Nazioarteko Eguna ospatzen dela aprobetxatuz.

PuntuEUSen arabera, euskararen bizitasun digitala ispiluaren aurrean jartzen dugunean, «eskaintza eta eskaria aurrez aurre talka egiten ikus ditzakegu». Zergatik? Eskaintzari begiratuta, Euskal Herriko webgune guztiak aintzat hartuz gero, euskarazko edukia dutenak 26.663 dira, guztien %16, eta .eus domeinua da euskara gehien erabiltzen duena: kasu honetan euskarazko edukia duten webgune kopurua %89,23koa da.

Horrela, PuntuEUSen arabera, .eus domeinua da «euskararen arnasgune digitala», baina, gaur egun, ingurune digitalean ikus-entzunezkoa denez pisu gehien duen arloa (Interneten 2018an mugitu zen trafiko guztiaren %57 bideoa zen eta beste %8 bideo-jokoak), «trafiko nagusi horretan euskarak ez du tokirik».

Euskararen bizitasun digital ona adierazteko erabilitako datu horietako batzuk hobeak dira gaur egun; adibidez, Euskarazko Wikipediaren kasuan, 350.000 artikuluen langa gainditua dago eta gaur egun 29. tokian kokatzen da munduko zerrendan.

«Euskarak badu eskaintza sarean, badago edukia eta badaude tresnak, baina ez dira nahikoa, ingurune digitala etengabe berritzen eta sortzen baita. Datuek erakusten digute eskaintza mugatua dela, eta hain aldakorra den ingurune digitalean ezinbestean areagotu behar dugula euskararen bizitasun digitala bermatu nahi badugu», diote adituek.

Erabiltzaileek hizkuntza nagusien alde egiten dutela kontuan izanik, «dugun eskaintza gehiegi ere izan daitekeela ondoriozta daiteke». «Honek kontraesana dirudi, baina euskararen bizitasun digitala ez da eskaintzara mugatzen, erabilerarik gabeko eskaintzak ez baitu etorkizunik. Erabiltzaileak trebatu eta motibatu behar ditugu, gure komunitate digitala indartu eta ingurune digitala euskaraz kontsumitu eta sortzera bultzatu», diote.

Temas

Euskera