Euskararen agerkari akademiko-zientifikoa berriztatu du Euskaltzaindiak bere 100. urteurrenean
Hala, orain eraberrituta dago ikusgai Euskararen Akademia Ofizialaren webgunean
UNAI SARRIUGARTE
Astelehena, 2 azaroa 2020, 19:47
Euskararen agerkari akademiko-zientifikoa berriztatu du Euskaltzaindiak bere 100. urteurrenean. Hala, orain eraberrituta dago ikusgai Euskararen Akademia Ofizialaren webgunean, euskaltzaindia.eus/euskera. Osorik digitalizatu dute, ale guztiak PDF formatuan deskargatzeko aukera eskainiz.
'Euskera' Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da, 1920. urtetik plazaratzen dena. Urteroko lehendabiziko zenbakiak (buletinak) Euskaltzaindiaren egunerokotasuneko lana eta bizitza akademikoa uztartzen ditu. Bigarrenak, aldiz, Akademiaren lan arlo ezberdinetako ikerketa-artikuluak, liburu-aipamenak eta antzekoak biltzen ditu.
Zenbakiak urtea amaitu eta hurrengoko lehendabiziko seihilekoan argitaratzen dira. Bertako ikerketa artikuluak kaleratzerako orduan, agerkariaren Idazketa Kontseiluak, kanpoko ebaluatzaileen iritzia jaso ohi du, betiere horien anonimotasuna ahalbidetuz.
'Euskera' agerkarian 5.000 sarreratik gora daude, eta horietatik, 2.000 inguru azterketa-artikuluak dira. Era berean, batzar-agiriak 1.000 inguru dira, eta, gainerakoak, euskarari buruzko gomendioak, gutun ofizalak, euskaltzainen hilberri-txostenak edota albisteak dira. Artikulu horiei laburpen oharrak gehitu zaizkie, irakurtzerako orduan eramangarriago egin dadin. Era berean, horiek topatzeko bilatzaile bizkor bat ere erantsi diote.
Batez ere euskararekin erlazio estua aurkezten dituzten hizkuntzalaritza nahiz filologia arloko ikerketak biltzen ditu agerkariak, baita zenbaitetan euskal kulturarekin zerikusia duten hainbat azterketa kaleratu ere.