https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Euskararekin gehiago ahalko duzu' leloarekin jarri dute martxan euskaltegien matrikulazio kanpaina

Euskaltegien matrikulazio kanpaina egin zuten astelehenean./Irekia
Euskaltegien matrikulazio kanpaina egin zuten astelehenean. / Irekia

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkezpena egin zuen Donostiako Urrats euskaltegian. Aurreko ikasturtean 35.524 ikaslek eman zuten izena EAEko zentroetan, 2017an baino % 2,4 gehiago

EL CORREO

Ikasturte honetako euskaltegien matrikulazio kanpaina berria aurkeztu zuen astelehenean Bingen Zupiriak Donostiako Urrats euskaltegian. 'Euskararekin gehiago ahalko duzu' lelopean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri zuenaren arabera, irailaren 27ra arte luzatuko da aurtengo matrikulazio kanpaina, Euskal Autonomia Erkidegoan 103 euskaltegietara milaka herritar erakartzeko asmoz. Hortaz aparte, nabarmendu zuen aurreko urteetako matrikulazio datuak berritzekotan, 35.000 ikasle inguruk ekingo diotela euskara ikasteko edo bere gaitasuna hobetzeko erronkari. Datorren ikasturtean, gainera, inoiz baino dirulaguntza gehiago izango dituzte ikasleek: Eusko Jaurlaritzak ikasleentzako dirulaguntzetara bideratutako aurrekontua % 37 igo du aurten (iaz % 44 igo zen). Helburua da erakunde guztien dirulaguntzak baliatuz 2020-2021 ikasturterako doakoa izatea euskararen irakaskuntza B2 mailara arte.

Euskarari atea irekiz, herritarrek aukera berriak aurkituko dituztela azpimarratu zuten prentsaurrekoan: «lagun berriak, bizipen eta emozio berriak, kultur adierazpen berriak, aukera profesional berriak…». Zupiriaz aparte, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Jokin Azkue HABEko zuzendaria eta Isidro Yoldi Urrats euskaltegiko zuzendaria, bai eta aldundietako, Donostiako Udaleko, EUDEL, UEMA eta euskaltegien munduko ordezkariak eta ikasleak Erakunde eta euskaltegien ordezkaria izan ziren. Prentsaurrekoan hitza hartu zuen baita ere Joyse Vitorino de Medeiros ikasleak.

Erraztasun ekonomiko gehiago dituen ahalduntzeko beste modu bat

Zupiria sailburuak azpimarratu zuen euskara ikastea dela herritar moduan «ahalduntzeko» beste modu bat: «'Euskararekin gehiago ahalko duzu' da aurtengo leloa, uste dugulako euskaraz hitz egiteko gai izatea herritar bezala ahalduntzeko beste modu bat dela. Eta hori euskara ikasteko bidea egin dutenek nabarmentzen dute. Euskara ikasiz, ikusezina zen mundu bat ikusgai bilakatzen da. Aisialdirako aukera berriak, komunikatzeko aukera berriak, gauzak ikusteko era ezberdin bat, musika gehiago, literatura gehiago, kultura gehiago, lagun berriak edota aukera profesional berriak agertzen dira. Euskara ikasteko urratsa ematea ahalmen berri bat betiko eskuratzea da: euskara bizitza guztirako inbertsioa da».

Era berean, Zupiriak eskertu nahi izan zuen euskara ikasteko urratsa ematen duten herritarren ahalegina. «1986tik 470.000 herritarrek eman dute izena EAEko euskaltegiren batean. Haien ezaugarriak, euskarekiko harremana, motibazioak eta esperientziak oso ezberdinak izan dira, baina guzti-guztiei eskertu behar diegu egindako ahalegina. Euskara ikasiz beste hainbat herritarrengana hurbiltzeko ahalegina egin dute eta gure gizartearen elkarbizitza sendotzen lagundu dute».

Asteleheneko aurkezpenean azpimarratu zutenez, EAEko euskaltegien sarea osatzen duten 103 euskaltegiek erraztasun guztiak eskainiko dizkiete ikasleei euskara ikasteko bidea ahalik eta erosoen egin dezaten. Hartara, euskaltegiek geroz eta erraztasun handiagoak eskaintzen dituzte ordutegien malgutasunari, teknologia berrien erabilerari eta ikaskuntza-epearen bateragarritasunari dagokienez. Horrez gain, erraztasun ekonomikoak inoiz baino nabarmenagoak dira. Azken urteotako bideari jarraituz, Eusko Jaurlaritzak ikasleentzako dirulaguntzetara bideratutako aurrekontua % 37 igo du aurten (guztira, 2.475.000 euro bideratuko ditu dirulaguntzetara), datorren ikasturterako doakotasuna lortzeko bidean.

Eusko Jaurlaritzak, halaber, % 2,2 areagotu du EAEko euskaltegien sareko zentroentzako dirulaguntzak (HABEk kudeatzen duen euskaltegien sarean EAEko 103 euskaltegiak daude). Guztira, 32.910.000 euro bideratuko ditu HABEk euskaltegiak laguntzera (20.760.000 euskaltegi pribatuentzat eta 12.150.000 euro udal euskaltegientzat), iaz baino 707.500 euro gehiago.

Ikasleen profila

Iazko ikasturtean, 35.524 ikaslek eman zuten izena Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegietan, aurreko ikasturtean baino 856 ikasle gehiago (% 2,4 gehiago). 2018-2019ko ikasturtean matrikulatutako ikasleen % 66,6 emakumezkoak ziren, eta % 33,34 gizonezkoak. Ikasleen bataz besteko adina 38,61 izan zen.

Ikasleen % 80ak euskaltegi pribatuetan eman zuen izena, eta gainontzekoek udal euskaltegietan. Ikasleen erditik gorak B2 (% 25,67ak maila hori gainditzeko eman zuen izena) eta C1 (% 27,99k maila hori gainditzeko erronkari ekin zion) mailetan eman zuen izena. «Kasuistika oso zabala bada ere, ikasleen ezaugarriak aldatzen ari dira. Gizartea euskaldundu den heinean, ikasleen maila altuagoa da eta askok euskara badakite, baina maila hobetu nahi izaten dute», azaldu dute.

Temas

Euskera