https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskaraldiaren eragina ezagutzeko hirugarren galde-sorta betetzeko epea zabaldu dute

Euskaraldiaren eragina ezagutzeko hirugarren galde-sorta betetzeko epea zabaldu dute

Aurreko bi inkestei erantzun dieten pertsonak baino ez daude hirugarrena betetzera gonbidatuta

EL CORREO

Euskaraldiaren antolatzaileek ekimenaren eragina eta ondorioak aztertzeko bi inkesta prestatu dituzte azken hilabeteetan, eta, orain, ikerketarako hirugarren galde-sorta betetzeko epea zabaldu dutela jakinarazi dute. Antza denez, uda ostean jasoko dituzte ikerketaren emaitzak eta hainbat gune eskainiko dira hauek aurkeztu eta interpretatzeko.

Datu ofizialen arabera, 225.154 pertsonek parte hartu zuten azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte ospatutako Euskaraldian. Hurrengo edizioei begira, ezinbestekoa izango da programan Ahobizi edo Belarriprest izan direnek nola bizi izan duten jakitea eta baita hizkuntzaren erabileran eta ohituretan zein eragin izan duen ezagutzea.

Horiek horrela, Soziolinguistika Klusterra ikerketa sakona prestatzen ari da gaiaren inguruan, teknika kuantitatiboak zein kualitatiboak erabiliz. Ikerketa kuantitatiboari dagokionez, partaideek erantzundako galde-sortetan oinarrituko dira emaitzak. Euskaraldia hasi aurretik bete zuten lehen galde-sorta; bukatu eta berehala bete zuten bigarrena. Orain, hiru hilabete pasa direlarik, hirugarren galde-sorta betetzeko unea da.

Hala ere, argi izan aurreko bi galde-sortei erantzun dieten pertsonak baino ez daudela hirugarrena betetzera gonbidatuta. Galde-sortak internet bidez beteko dira. Parte hartzaileek emailez jasoko dituzte edo bestela, hemen egin ahal izango dute.

Emaitzak, irailaren hasieran

Ikerketa kualitatiboari dagokionez, lagina osatu da ezaugarri desberdinetako herriak eta denetariko profilak dituzten herritarrekin. Horiek Euskaraldiaren antolaketa eta parte hartzean zehar izan dituzten bizipenak azalduko dituzte ikuspegi pertsonal eta subjektibotik. Guztiak kontuan hartu eta aztertuta aterako dira ondorioak.

Ikerketaren emaitza-txostenak irailaren hasieran argitaratuko dira. Gainera, arduradunek aurreratu dute hainbat gune eskainiko dituztela interesa duen orok, euskararen aldeko herritar zein eragileek eta beste hizkuntza gutxituetako ordezkariek, Euskaraldiaren emaitzak elkarrekin eztabaidatu eta dagozkien ikasgaiak partekatzeko. Hitzordu hauen berri hurrengo hilabeteetan emango dute Eusko Jaurlaritzak, Topaguneak eta Soziolinguistika Klusterrak. Eta zuk lehenengo bi galde-sortak bete egin dituzu? Horrela bada anima zaitez azken hau egitera.

Temas

Euskera