https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskaraldia amaituta, bide luzea ikusten dute egiteke

Arrate Illaro, Euskaraldiaren koordinatzailea, atzoko prentsaurrekoan./Jose Usoz
Arrate Illaro, Euskaraldiaren koordinatzailea, atzoko prentsaurrekoan. / Jose Usoz

Arrakastatsutzat eman dute antolatzaileek lehen edizio hau, eta egiten jarraituko dela aurreratu dute: izena eman duten herritarretatik haragoko eragina izan omen du Euskaraldiak, eta parte hartzaileen aldetik jaso diren bizipen eta mezuek «erakusten dute ekimenak jende askoren harremanetan aldaketak eragin dituela egunotan»

AMALIA IBARGUTXI

«Beharrezkoa» da Euskaraldia. Hori da ariketa sozialaren ebaluazioa egindakoan atera duten ondorio nagusia. Euskaraldia antolatu eta sustatzen aritu diren eragileak Donostian egindako prentsaurrekoan, adierazi dute herritarren artean «eragin nabarmena» izan duela, eta «gizarteak beste behin euskararen normalizazioarekiko konpromisoa agertu duela, euskararen alde aktiboki eragiteko prest». 220.000 lagun baino gehiagok hartu dute parte, adierzi dutenez. «Aurreikuspen guztiak gainditu ditu» ariketak.

Hala, ekimenaren sustatzaileek ariketaren helburuak gainditu dituztela azaldu dute, helburua herritarrengan hizkuntza ohituren inguruko gogoeta eragitea eta hizkuntza portaeratan aldaketa zehatzak bultzatzea izanik, «Euskaraldia epe luzerako lan baten abiapuntua» ere izan dela ikusita.

Gizarte aldaketa eragiteko pauso bat eman du aurten Euskaraldiak eta, epe luzerako lana izanik, beste urrats batzuen abiapuntu izan dela esan dute antolatzaileek. Hurrengo urteetan «Ahobizi eta belarriprest rolak sakontzen eta zabaltzen jarraitzeaz gain, aurten bidelagun izan diren elkarte, enpresa, erakunde eta era guztietako entitateetan euskararen erabilera zabaltzeko neurriak bultzatuko dira», esan dutenez.

Ariketaren elementu garrantzitsuenetako bat ikusgaitasuna izan dela nabarmendu dute. Parte hartzaileengan eragindako gogoetaz gain, balio izan duelako «ahobizi portaerak dituen zailtasunez ohartu» eta «belarriprest bakoitzak egiten duen ekarpena bistaratzeko». Zehazki, inertziak astintzeko esperimentua izan dela gaineratu dute.

Aztertu dutenaren arabera, izena eman duten herritarretatik haragoko eragina izan du Euskaraldiak, eta parte hartzaileen aldetik jaso diren bizipen eta mezuek «erakusten dute ekimenak jende askoren harremanetan aldaketak eragin dituela egunotan. Edonola, Euskaraldia abiatu aurretik hasi zen ikerketa martxan egongo da oraindik hilabete batzuetan, eta 2019ko udan jakin ahal izango da ekimenak izan duen eragin zehatza.

Prentsaurrekoan parte hartu dute Euskaraldia antolatzen aritu diren erakundeetako ordezkariak (koordinazio mahaia osatzen duten Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa) eta sustatzaile sarea osatu duten entitateen hainbat ordezkarik. Ahal eta, batez ere, behar adina edizio egingo direla aurreratu dute.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos