https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Euskarak bizigarri bat behar zuen, eta hori izan da Euskaraldia»

Iñigo Urkullu, Euskaraldiaren /
Iñigo Urkullu, Euskaraldiaren

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldi instituzionala egin dute Iñigo Urkullu lehendakariak, Jaurlaritzako hainbat ordezkarik eta euskalgintzako beste zenbaitek

AMALIA IBARGUTXI

Abenduaren 3ro ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna. Aurten, beraz, Euskaraldiaren azken egunarekin bat egin du datak, eta ekitaldi instituzionalean bat egin dute bi ekimenek. Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du bere hitzaldian, hain zuzen, ariketa sozial horren garrantzia, eta Euskaraldia egiteko sumatu izan den beharra. «Euskarak bizigarri bat behar zuen, eta hori bera izan da Euskaraldia», adierazi du.

«Herriz herri, eskuz esku, hitzez hitz, euskararen aldeko sare erraldoi bat josi dugu. Milaka eta milaka herritarrek bat egin dute ariketa sozial handi honekin. Ez da ohikoa, ez da erraza, ez da nolanahikoa, Euskaraldiak lortu duen babesa. Euskaraldiari esker euskara gehiago entzun dugu, gure artean gehiago hitz egin dugu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko lehen hitza eman dugu», gaineratu du Urkulluk. Horrez gain, azpimarratu du ekimenak jarraipena izan behar duela hamabigarren egunean, hori da eta ekimenaren alde garrantzitsuena. «Bihar ere, bihartik aurrera ere, egun hauetan izan dugun jarrerari eusteko gonbita luzatu nahi dugu», adierazi du.

Lehendakariarekin batera, Donostiako Kursaalen izan dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu eta bozeramailea; Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua; Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzetako sailburua; Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua; Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua; Jon Darpon Osasuneko sailburua; Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburua; eta María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburua.

Era berean, beste erakunde batzuetako ordezkariak, eta euskalgintzakoak ere izan dira. Kukai dantza taldearekin, Dani Alvarez eta Garazi Ayesta izan dira ekitaldia gidatzeko arduradunak eta, besteak beste, Toti Martinez de Lezea idazleak ere parte hartu du.

Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko buruak, bere aldetik, nabarmendu du hizkuntza ohiturak aldatzeko Euskaraldiak emandako aukera. «Bidegurutzera heldu ginen, eta norabide bat aukeratu dugu. Bide luzea dugu egiteko elkarrekin».

Sailburuak sakondu nahi izan du ariketaren parte-hartzaileen askotariko izaeretan, eta nola horrek ere bere garrantzia izan duen. «Hainbat urtez bizkarra emanda bizi izan garen hainbat herritar lanean aritu gara urte osoan zehar Euskaraldia aurrera atera zedin. Lankidetza hori posible egiteko: zubi bilakatu dugu euskara». Zupiriak, halaber, ekimen honek izan duen erantzun positiboa azpimarratu du. «Ikusgarria da 16 urtetik gorako 220.000 lagunen prestutasuna, portaera aktiboa eta, zer esanik ez, hizkuntza ohiturak aldatzeko prest agertu direnen bizipenak entzutea. Ez genuke apaltzen utzi beharko euskararen alde piztu den su hori», amaitu du.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos