125 gaztek parte hartu dute amaitzear dagoen 2023ko EuskarAbentura egitasmoan @EuskarAbentura

EuskarAbentura bere amaierara iritsiko da astelehenean festa handi batekin

Hilabete osoan Euskal Herriko herri ezberdinak oinez zeharkatu ondoren, Portugalete eta Getxora iritsiko da datorren uztailaren 31n

Viernes, 28 de julio 2023

Atzo izan zela dirudien arren, hilabete bat pasa da dagoeneko 125 gaztek EuskarAbentura egitasmoari ekin ziotenetik. Maulen batu ziren lehenengoz uztailaren 1ean, Zuberoako herri eder horretan inoiz ahaztuko ez zuten abentura bati ekiteko. Motxilak soinean eta zapatilak jarrita, Euskal Herri osoa zeharkatu duten 407 kilometroko ibilbidea izan dute aurretik, hilabete osoan barrena burutu dutena helburu finko batekin: euskara bultzatzea. Datorren astelehenean, uztailaren 31n, helduko dira beraien azken helmugara, Portugalete eta Getxora, alegia. Bertan, ekitaldi handi batekin agurtuko dute abentura. Eta adi, agurra ez baita edonolakoa izango, ibaian behera baizik.

Publicidad

«Modu ahaztezinean egingo dute jzioquitarrek -partaideek- eta xerpek -begiraleek- aurtengo azken etapa. Bilboko Pio Baroja pantanalean itsasontzi batek hartuko ditu eta, Ibaizabal ibaian behera, Portugaletera iritsiko dira. Bizkaia Zubia zeharkatuko dute Getxoraino eta zubi aurrean dagoen Zubia Plazan ongietorria emango diote espedizioari Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Getxoko Udaleko ordezkariek», jakinarazi dute antolakuntzatik. Besteak beste, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Xabier Arauzo Bizkaiko Euskara Zuzendaria eta Amaia Agirre Getxoko alkatea izango dira bertan, 125 gazteei ongietorria emateko asmoz.

Ordu-erdiko ekitaldiaren ostean, goizeko hamaikak aldera, Areetatik Algortara egingo du bidea marea laranjak, Areetako Kaia pasealekuan gora. Algortako San Nikolas plazan harrera egingo dio Jai Batzordeak espedizioari (11.45ean) eta amaiera ekitaldia Muxikebarri Zentroan izango da, 12.30ean aurreikusita dagoenez.

Ingurumenarekiko begirunea

Euskara bultzatzea xede nagusitzat daukan egitasmoa da EuskarAbentura, bizitza osasuntsua eta kultura sustatzen den aldi berean. «Oso egitasmo polita da hainbat balore zabaltzen direlako bertan, esaterako elkarren artean laguntzea, ardura, autonomia, ingurumenarekiko begirunea, turismo eredu jasangarria eta parekidetasuna, guretzat benetan garrantzitsuak direnak», azaldu dute antolatzaileek.

Mauletik hasi eta Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behera zeharkatu dituzte partaideek. Dena oinez. Goizeko 7.00etan jaiki, gosaldu, indarrak hartu, eta ibilbideari ekin diote, egunero hilabete oso batean, Euskal Herriko zazpi probintzietatik. Bazkalorduan, eguerdiko ordu biak aldera egiten izan dutena gutxi gorabehera, atsedena hartzeko tartea izan da. Eta ondoren, disfrutatzeko unea iritsi da bai bisita gidatu batekin edo artista baten, kirolari baten zein idazle edo gizarte mugimendu bateko kideren baten solasaldi batekin.

Publicidad

«Era eta eduki anitzeko mintegi, tailer eta ekimenek aberasten dute abentura. Izan ere, hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, soziolinguistak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, idazleak, kirolariak…) aldiro-aldiro batzen dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko», azaldu dute. Ondoren, jokoak edo ekintza ezberdinak egin izan dituzte, uneoro monitoreek gidatuak izan direlarik.

Partaideak Euskal Herriko toki ezberdinetatik datoz. Probintzia guztietatik, eta baita «zortzigarren probintziatik», azken hori diasporatik datorren jendea izanik. «Populazioaren arabera, beti dago Bizkaiko jende gehiago Zuberoakoa baino. Baina EuskarAbentura polita egiten duena da, errealitate sozial, ekonomiko eta linguistiko oso ezberdineko gazteak batzen direla, eta elkarren artean sare bat sortzen dela», goraipatu dutenez. Izan ere, partaideen artean herri txiki eta oso euskalduneko jendea aurki daiteke, etxean eta lagunen artean beti euskaraz hitz egiten duena, edota herri erdaldun zein euskalduna ez den familia batetik datorren gaztea. «Denentzako dago lekua», azpimarratu dute.

Publicidad

Izan ere, aniztasun horrek egiten du EuskarAbentura egitasmoa, aurtengoan bosgarren urteurrena bete duena, hain berezia. Antolakuntzatik aurreratzen dutenez, euskara gazteriaren artean sustatzea da bilatzen duena, «modu oso errealistean eta anitzean».

«Oso magikoa da»

«Azken finean, 125 gazte dira bertan batzen direnak, bakoitza bere historiarekin eta hizkuntzarekiko harreman ezberdinekin datorrena. Eta ez hori bakarrik, kultura eta kirolarekiko harreman ezberdinak dituzte ere. Eta hilabeteren ostean horrelako maitasuna sortzea euren artean... Oso magikoa da. Beraientzat eta gizartearentzat ere», arrazoitu dute. Bada, errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hori euskaraz bizi dezaten nahi du EuskarAbentura ekimenak; eta sortutako harremanek espediziotik harago ere iraun dezaten.

Publicidad

Tipa-tapa, partaideek 32 bat herri zeharkatu dituzte oinez. Hiriburu guztiak ez ezik, UNESCOk (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea denak) Gizateriaren Ondare izendatutako guneak bisitatu dituzte; bai eta basoak, hondartzak, museoak, gari-soroak, leizeak, portuak, gazteluak, belazeak, monumentu nahiz eraikin enblematikoak, herriak, gatzagak zein baserriak bisitatu dituztelarik.

Gazteek 15 eta 17 urtetako adin tarte bat daukate eta espedizioan parte hartzeko hautaketa prozesu bat gainditu behar izan dute eta, horretarako, proiektu pertsonal batez eta aurkezpen bideo batez osaturiko hautagaitza bat bidali behar izan dute (izen-emate epea abendu eta martxoa bitartean izan ohi da). Hautagaitza proiektua garatzeko gazteek EuskarAbenturak urtero proposatzen dituen hiru gaietako bat aukeratu behar izan dute eta aukeran dauden sei formatuetako batean garatu behar izan dute haien lana (historikoa, literarioa, plastikoa, ikus-entzunezkoa, musikala edo digitala).

Publicidad

Hautagaitza proiektuak Eusko Ikaskuntzak eta PuntuEUS fundazioak osatutako epaimahai batek baloratu dituzte, hainbat irizpide kontuan hartuta: originaltasuna, estiloa, teknika eta kalitatea, besteak beste.

Espedizio taldea osatzerako hoberen baloratutako lanak hartu dira kontuan, baita hautagaien generoa, errealitate soziolinguistikoa eta jatorria ere, euskal gazteriaren aniztasuna jasoko zuen espedizio talde bat egiteko helburuarekin. Behin hautatuak izan direnak, Jzioquitar izena hartzen dute.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad