https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskara pizteko espedizioa Euskal Herrian zehar

EuskarAbentura ekimenaren antolatzaileak./EuskarAbentura
EuskarAbentura ekimenaren antolatzaileak. / EuskarAbentura

120 gaztek, Done Jakue bideak jarraituz, gizateriaren ondareak bisitatuko dituzte EuskarAbentura egitazmoaren bidez

OLATZ HERNÁNDEZ

Uda garaia abentura berri bat bizitzeko momentu ezin hobea da. Askotan zapatila zahar batzuk, motxila eta lagun on bat nahikoak dira ibiltzen hasi eta mundua, eta bakoitzaren barne mundua, deskubritzeko. Miguel de la Quadra-Salcedo kazetariak Ruta Quetzal asmatu zuen duela hogeita hamar urte eta uda honetan, hura abiapuntu modura izanda, EuskarAbentura elkarteak 16 eta 17 urteko 120 gazteentzako espedizioa antolatu du Euskal Herrian zehar.

«Gazteengan hizkuntzaren erabilera piztea da helburua, etorkizuna haiek direlako», dio Iker Goñik, EuskarAbenturako kide denak. Uztailaren 1ean abiatuko dira Mauletik eta, Done Jakue bidea jarraituz, Santimamiñeko kobazuloak, Ekaingo Leizeak, Altxerriko kobak eta Bizkaiko zubia bisitatuko dituzte. Donemiliaga Kukularan ere izango dira, eta bertan, orain arte aurkitu diren euskarazko idazki zaharrenak ikusteko aukera izango dute. «Unescok izendatutako gizateriaren ondareetatik igaroko gara».

Espedizioaren izaera nomada dela, goizez eguneko etapa ibiliko dute eta arratsaldea edukiz beteta egongo da. «Gazteek gure herriaren ezagutzan sakontzea nahi dugu. Horregatik kultura, geografia eta historiaren inguruko saioak izango ditugu», dio Iker Goñik. Gauez, frontoi edo polikiroldegietan egingo dute lo eta izarrez beteriko zerua astronomia ikasteko erabiliko dute. Ikasgai bakoitza balioak erakusteko aukera ere izango da: «Besteak beste, turismo arduratsua, genero ikuspegia, ingurumenarekiko errespetua, elkarbizitza eta bizi ohitura osasuntsuak».

Parte hartzea

«Egitasmoa 16 eta 17 urteko gazteei dago zuzenduta oso adin garrantzitsua delako. Ume izateari uzten diozu, baina oraindik ez zara heldua», azaltzen du Goñik. Euskal Herriko zazpi herrialdetako eta diasporako partaideek osatuko dute espedizio taldea. Parte hartzeko izen-emate inprimakia, motibazio gutun bat eta lan bat bidali behar dira www.euskarabentura.eus webgunera.

«Lana egiteko hiru gai orokor daude: 'Euskara eta zure herria', 'Euskara eta emakumeak' edo 'Euskara eta itsasoa'. Lan historiko, literario, plastiko, musikal eta ikus-entzunekoak jasoko dira «talentu ezberdineko gazteak erakartzeko». Izen emateko epea martxoaren 18an bukatuko da. Lanak Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean ebaluatuko dira eta apirilaren 16an hilabeteko abentura honetan parte hartuko duten 120 gazteen zerrenda argitaratuko da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos