Euskara modu erosoan praktikatu, Galdakaoko Berbalagunean
Taldeetan zein ekintzetan izena emateko aukera dago
Orain dela 21 edizio Galdakaon sortu zen ildo bera jarraituz, Berbalagunen ikasturte berria hasi da aurten, euskaraz bizi nahi dutenek hizkuntza erabat erabil dezaten urrats sendoak emateko laguntza eskaini nahian. «Galdakaoko eta Basauriko Udalek, bi herrietako udal euskaltegiek, AEK-k eta Basauriko Hizkuntz Eskolak elkarlanean bultzatutako programa hau euskararen erabilera soziala indartzeko eta egunerokoan hiztunen sareak ehuntzeko ereduzko ekimen bihurtu da», diote antolatzaileek.
Jakitera eman dutenez, urte hauetan guztietan, 800 lagun inguru ibili dira Berbalagun proiektuetatik. Azken ikasturtean 260 bat lagun izan ziren, 6 pertsonek osatutako 38 berbataldetan banatuta, eta tabernetan biltzen diren taldeez haratago, aipatzekoa da programak sareak ehuntzen jarraitzen duela, euskaldun eta euskaldunberriak batzen dituzten proposamen berritzaileen bidez: gurasolagun, mendi taldea, euskal dantza taldea, irakurketa taldea, makrame taldea, txalaparta taldea, jostun tadea edo paseo taldea, besteak beste». Aurten, gainera, eskualdeko asteburu eskaintza bikoiztu egin dela nabarmendu dute, ohikoak diren mendi irteerei kultura jarduera berriak gehituz.
Programa doakoa da eta euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko gai diren pertsona guztiei irekita dago (zailtasunak dituztenei lagunduko zaie, baina ezin da entzule gisa joan); izan ere, hizkuntza modu naturalean praktikatzeko aukera sustatzea du helburu, familiatik hasita, lagunartea edo lan ingurunea barne hartuz. Beraz, 'Praktikatu euskara gurekin, erraza da eta' lelopean, berbalagunek urterolez ere herritar guztiei urratsa ematera eta sare bizia osatzen laguntzera animatzen die, euskararen erabilera euren inguruneetan mantentzeko eta zabaltzeko konpromisoa hartuz.
Talde berrien sorkuntza
Pasa den astean aurkeztu zen 2025-26 kanpaina Bonboi tabernan (Basauri) izan den ekitaldian. Han Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkatea, Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Asier Martín eta Ioritz Lopez de Alda Galdakaoko eta Basauriko Berbalaguneko dinamizatzaileak, hurrenez hurren, izan ziren.
Azaldu zutenez, «Berbalagun ez da jada euskara inguruan kafe bat hartzeko gune hutsa», ekimenak «aurrerapauso handia eman baitu azkenaldian», eta euskal dantza, txalaparta edo mendi taldea bezalako taldeak mantentzeaz gain, «urtero talde berriak sortzen dira». Ildo horretan, «aurten Galdakaon, esaterako, gure ondare kulturala ezagutzeko taldea sortu da (etorkizunean herri ezberdinak bisitatuko ditugu), eta txakurrekin irteteko taldea ere sortzea da asmoa, gainera astean behin baino maiztasun handiagoz elkartuko litzatekeena», adierazi dute. Halaber, «2 urtera arteko haurren gurasoentzako taldea ere egitea» aurreikusten dela iragarri dute, «giro lasaiagoan, zaratatik eta zurrunbiloetatik urrun, elkartzeko; parkeetan adibidez».
Taldeetan zein ekintzetan izena emateko, 607 146 855 telefonora deitu edo galdakao_berba@aek.eus helbidera idaztea nahikoa da. Horrez gain, interesa dutenek Berbalagun proiektua gertuagotik ezagutu dezakete Berbalagunen blogean edo hurrengo jardueren bidez: Urriak 26, igandea, 09.00etan, Belatxikietara irteera, Basauriko Udaletxe aurrean; urriak 30, osteguna, 10.00etan, Mintzodromoa Basaurin (Solabarrieta plazan); azaroak 4, asteartea, 18.30ean, Berbalagun aurkezpen Jaia Ganguren tabernan (Galdakao); azaroak 8, larunbata, 10.00etan, Ondare taldearen lehenengo txangoa, Elexaldeko Guzur Aretxa plazatik abiatuta (Galdakao); azaroak 13, osteguna, 18.30ean, Berbalagun aurkezpen Jaia Bonboi tabernan (Basauri); abenduak 4, osteguna, 10:30ean, Mintzodromoa Kurtzeko frontoian (Galdakao); abenduak 12, ostirala, 19.00etan, Baskot Gaua San Jose ikastetxean (Basauri); abenduak 14, igandea, 10.00etan, Basauri ezagutu , udaletxetik abiatuta, eta abenduak 19, ostirala, 17.15ean, Gurasolagun lehen hitzordua, Galdakaoko AEKn