https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskara maila egiaztatzeko azterketak egingo dituzte Madril, Bartzelona eta Buenos Airesen

Ikasle batzuk, azterketa bat prestatzen./Fotolia
Ikasle batzuk, azterketa bat prestatzen. / Fotolia

62 pertsonak egingo dituzte probak maiatzean eta uztailean: 36k Espainiako hiriburuan, 22k Argentinakoan eta 4k hiri kondalean

EL CORREO

Euskara maila egiaztatzeko azterketak izango dira aurten ere Bartzelona, Buenos Aires eta Madrilen. Guztira, 62 pertsonak egingo dituzte probak: 36k Espainiako hiriburuan, 22k Argentinakoan eta 4k hiri kondalean. Etxepare Euskal Institututik nabarmendu dutzenez, helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarritutako B1, B2 eta C1 euskara mailak egiaztatuko dira euskararen eremutik kanpoko Euskal Etxe horietan.

Euskara Munduan programa 2010ean sortu zen eta urtero egin izan dira azterketa horiek euskararen eremutik kanpo, HABEren gidaritzapean. Dena den, Euskara Munduan programa Etxepareren kudeaketa esparrura igaro zen 2018an, eta, geroztik, institutua da Ezohiko Deialdi izeneko proba hauek antolatzearen arduraduna, HABEren deialdi eta azterketa ereduak erabiliz.

Madril eta Bartzelona izan ohi dira deialdi bakoitzean euskararen eremutik kanpo azterketa egiteko leku finkoak. Horiez gain, espainiar estatutik kanpoko leku ezberdin bat hautatu ohi da urtero azterketa egiteko. Izan ere, izen-emate kopuruak hala eskatzen du. Beraz, aurtengo kasuan, Buenos Aires Argentinako hiriburua izan da leku hautatua, eta bertan, nazioarteko edozein euskara ikaslek izan du izena emateko aukera.

Gauzak horrela, euskararen eremutik kanpo egingo den lehen azterketa Madrilgoa izango da, larunbat honetan, maiatzaren 11n. Bertan, guztira, 36 ikaslek eman dute izena: B1eko hamarrek, B2ko zazpik eta C1eko hemeretzik. Bigarren proba, berriz, Bartzelonakoa izango da, maiatzaren 18an, eta C1 mailako lau ikaslek eman dute izena. Eta amaitzeko, Buenos Airesko azterketa uztailaren 27an izango da, eta horretarako 22 ikaslek eman dute izena: B1eko hamarrek eta B2ko hamabik. Kasu guztietan, azterketaren ereduak Euskal Herrian egiten diren azterketa eredu berberak izango dira, eduki eta zailtasun mailan.

Esan bezala, Etxepare Euskal Institutuak iaz egin zuen lehen aldiz azterketa honen ezohiko deialdiaren kudeaketa Euskal Etxeetan. 2018an, Madrilen eta Bartzelonan egindako azterketetan 40 titulu eman ziren guztira. Eta ekimenaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, Euskara Munduan programa 2010. urtean sortu zenetik, iazko azken deialdira bitarte, 170 ziurtagiri eman dira guztira euskararen eremutik kanpo.

Temas

Euskera