https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskara kirolaren mundura hurbiltzeko, 'San Mamesen ere... lehenengo berba euskaraz'

Athletic zaleak San Mamesen./Luis Ángel Gómez
Athletic zaleak San Mamesen. / Luis Ángel Gómez

30.000 eskuorri argitaratuko dira, San Mamesko sarrerako ateetan banatuko direnak, zaleak euskal hizkuntza erabil dezaten

EL CORREO

Euskara kirolaren mundura hurbiltzeko ekimena antolatu dute Bilboko Udalak eta Athletic Club taldeak gaur larunbaterako, San Mamesen, herritarrak lehenengo hitza euskaraz egitera animatuz. Horretarako eskuorri batzuk banatuko dira Athletic-Eibar derbian, 'San Mamesen ere... lehenengo berba euskaraz' goiburuarekin.

Zehazki, 30.000 eskuorri argitaratuko dira, San Mamesko sarrerako ateetan banatuko direnak, zaleak futbol zelaira sartzen direnean. 52 pertsona arduratuko dira mezua bi taldeetako zaleei helarazten eskuorrien bidez. Era berean, futbol zelaiko markagailuetan ere ikusgai egongo da goiburua.

Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailaren helburuen artean dago ekimena, alegia, «euskara egunero erabil dadin sustatzea, gizarte elebiduna lortzeko, eta edozein elkarrizketatan lehenik erabiliko den hitza euskaraz izan dadila, hots, herritarrek naturaltasunez erabil dezatela». «Helburua da ahalik eta pertsona gehienengana iristea, jendea animatzea lehenengo pauso hori egin dezaten eta euskaraz hitz egin dezaten; dakienak euskaraz egin dezala. Eskuorria umorez idatzita dago, eta zaleei kontzientzia eragin nahi zaie, euskaraz bizi daitezen eta euskara goza dezaten kirolean izan ohi den giro barean», azaldu dute Bilboko Udaletik.

Euskararen erakargarritasuna nabarmendu

Bizitzaren arlo guztietan euskararen normalizazioa lortzea da Bilboko Udalaren helburua. «Beraz, euskarazko kultur kontsumoa sustatu nahi du, euskara erabili eta jakitea bermatuz; euskaldunen komunitatea indartu, sare presentzialak nahiz birtualak sendotuz eta zabalduz; euskararen erakargarritasuna nabarmendu eta era egokian proiektatu, euskarak aukera ematen duelako era askotako erabileretarako eta baduelako nahikoa leku hurbiltzen diren guztientzako», adierazi dute iturri berdinek.

Horiek horrela, Euskararen Aholku Batzordearen barruan egindako lanaren ondorioz, erabaki da «ekintza batzuk proposatzea euskara kalera ateratzeko» eta «aitortzea euskararen eguneroko erabilera beharrizan bat dela gizarte elebidun bat lortzeko».

Temas

Euskera