https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskara, euskaldun egiten gaituen giltzarria

Euskaldunen hizkuntzak jatorri ezezaguna izaten jarraitzen du gaur egun

Euskara, euskaldun egiten gaituen giltzarria
UNAI SARRIUGARTE

Euskara oso altxor garrantzitsua da euskaldunentzat. Izan ere, euskal hizkuntza gure nortasun, kultura eta historiaren islada da. Bere jatorriaren inguruan oso gutxi dakigu, nahiz eta hizkuntzalari eta historialari askok babesten duten Europako hizkuntza zaharrena dela. Ildo horretatik, esaten omen da duela 15.000 urte Altamira, Ekain eta Lascauxko kobetan bizi ziren biztanleek euskara erabiltzen zutela. Kontuak kontu, euskararen jatorriak oraindik aztergai dihardu, eta Koldo Mitxelenak oso ondo laburbiltzen du hurrengo esapide honetan: «Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria».

Hainbat teoria daude euskarak kaukasoar eta iberierar hizkuntzekin ahaidetasuna baduela esaten dutenak. Duela 8.000 bat urte euskararen aurrekari zen hizkuntza bat hitz egiten zen Pirinioen inguruan, eta orduz geroztik etenik gabeko historia izan omen du euskaldunen hizkuntzak.

Euskararen ofizialtasuna

Une garrantzitsu horien guztien artean, euskararen ofizialtasunaren iritsiera nabarmendu genezake. Zenbait eginkizunek bermatu zuten aurrerapausu hori Euskal Herrian. Izan ere, 80ko hamarkadan Gernikako Estatutuak euskara Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza izendatu zuen eta gaztelaniarekin batera ofizial egin zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Nafarroa Garaian, Euskararen Legearen eraginez, herrialdeko ipar-mendebaldean (eremu euskaldunean) soilik da koofiziala. Iruñean eta erdialdeko beste hiri garrantzitsuetan, berriz, hizkuntzak duen babesa txikiagoa da eta traba handiagoak aurkitzen ditu. Nafarroako hegoaldean (eremu ez-euskaldunean) hizkuntza ofizial gisa onartu gabe dago.

Zoritxarrez, Ipar Euskal Herrian euskarak ez du erakunde publikoen onarpenik, hortaz, hizkuntza ofizial bakarra frantsesa izatea. Era berean, euskal diasporan ere, milaka lagunek gorde edo berreskuratu dute, besteak beste, tokian tokiko euskal etxek egindako lanari esker.

Euskalkiak

Gauzak horrela, euskarak zenbait euskalki aurkezten ditu. Egun sei euskalki hitz egiten dira euskal lurraldean: Mendebalekoa (izendapen zaharrean, bizkaiera), erdialdekoa (gipuzkera), nafarrera, nafar-lapurtera, ekialdeko nafarrera: zaraitzuera eta aezkoako hizkera eta zuberera.

Historian, gipuzkera, bizkaiera, lapurtera eta zuberera izan dira euskalki erabilienak. Euskal olerki, koplak eta kantak egiteko dialekto horiexek erabili izan ohi ziren. Zehatzago esanda, lapurtera (Ipar Euskal Herrian) eta gipuzkera (Hego Euskal Herrian) izan dira dialekto erabilienak, maila jasoan. Bizkaierak, era berean, erabilera handia izan zuen XX. mendearen hasieran, Bizkaian Sabin Aranaren abertzaletasunak izan zuen indarrak bultzaturik.

Pertsona askorentzat euskara hizkuntza isolatua da, ez baitzaio ahaidetasun zehatzik aurkitu, eta morfologiari dagokionez, hizkuntza ergatiboa da. Gaur egun, Euskal Herrian bertan ere hizkuntza gutxitua da, lurralde horretan gaztelania eta frantsesa nagusitu baitira.

Edonola ere, goraipatzekoa da zenbait herri mugimenduk, hedabidek, elkartek eta erakundek euskararen alde egiten duten lana: Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza elkarteek, Euskal Etxeek, ikastolak, eskola publikoak, AEK euskaltegiak, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak, Hitza, Argia edota Berria euskarazko aldizkari eta egunkariek, euskal irrati eta telebistek etab.

Bertsolaritza eta euskal kantagintza

Aipatzekoa da ere bai bertsolaritzari eta euskal kantagintzari esker, euskararen erabilerak ere urrats handia eman duela. Asko zor diegu XIX eta XX. mendeetan euskaren erabilera sustatzen aritu ziren euskal bertsolari eta abeslariei, batez ere, Jose Mari Iparragirre, Indalezio Bizkarrondo Ureña 'Bilintx' edota Juan Frantzisko Petriarena «Xenpelar» izenarekin ezagutzen diren gipuzkoar olerkari eta abeslariei.

Bestalde, euskaraz idatzitako lehenengo hitzak Akitania eta Pirinio inguruetan aurkitutako erromatarren garaiko hilarrietakoak dira ( I. mendea). Bernat Etxepareren 'Linguae vasconum primitiae' liburua euskaraz argitaratutako lehena da, 1545ekoa. Izenburua latinez dago, baina liburu osoa euskaraz idatzi zuen hark.

Egun, Euskal Herriko biztanleen %37ak, milioi bat pertsona inguruk, euskaraz hitz egiteko gai da. Zifra honek gorakada izugarria biziko du hurrengo urteotan. Izan ere, 2036. urterako, Euskal Herriko bi herenek euskaraz hitz egingo dutela aurreikusten da. 25 urtetik beherako gazteen hiru herenek baino gehiagok euskaraz dakite jada, eta Euskal Herriko biztanleriaren laurdenak euskara du bere lehen hizkuntzatzat.

'Hara Nun Dira'

Nik betidanik izan dut euskara nire ama hizkuntzatzat. Euskaraz, gazteleraz jakin baino lehen ikasi bainuen. Gogoan dut nire amama Claritak oinez ikasi eta berehala euskaraz mintzatzen zitzaidala. Morgan jaioa, bizkaiera izan du betidanik hizpide, eta hori izan zen nik txikitan bereganatu nuen euskara.

Era berean, oso gogoan dut 5 urte inguru nituenean Mungian nire izekoen etxean emandako zapatu arratsaldeak. Bertara nire izeba zaharra Basili etorri ohi zen. Euskararen erabiltzaile eta babesle sutsua zen bera eta orduak ematen genituen bizitzaren inguruko pasarte ezberdinen inguruan euskaraz mintzatzen.

Eta, nola ez, euskararen eta euskal kulturaren inguruan izan dudan erreferenterik garrantzitsuena ziur aski nire osaba zaharra Conrado bermeotarra da (tío abuelo deitu diot beti nahiz eta berarekin euskaraz hitz egin). Etxean gordeta ditut oraindik bere liburuxka eta eskuizkribu baten bat baino gehiago. Gai askori buruz zekien hark, eta euskal kantagintzaren eta kulturaren alde lan handia egin zuen.

Askotan oroitzen nahiz bere tenore ahots horrekin Jose María Iparragirre musikagile gipuzkoarraren 'Hara Nun Dira' abestia kantatzen hasten zen momentu bakoitza. Orduak eta orduak eman ahal nituen berari begira, eta hori magikoa iruditzen zitzaidan.

Temas

Euskera