https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskara eta euskal kultura nazioarteko sei unibertsitatetan irakasteko deialdia egin dute

Aulkiak eta arbela klase batean./Fotolia
Aulkiak eta arbela klase batean. / Fotolia

Etxepare Institutuak lau irakurle berri hautatzeko deialdi publikoa egin du funtzio hau bete dezaten

EL CORREO

Nazioarteko sei unibertsitatetan euskara eta euskal kultura irakasteko lau irakurle berri hautatzeko deialdi publikoa egin du Etxepare Euskal Institutuak. 2019-2020 ikasturterako hautatutako pertsonek ondorengo unibertsitateetan emango dituzte eskolak: irakurle batek Universitat Autonoma de Barcelona (UAB) eta Universitat de Barcelona (UB) unibertsitateetan (Bartzelona), beste batek Boloniako Alma Mater Studiorum eta Veneziako Ca'Foscari unibertsitateetan (Italia), eta irakurle bana Santa Barbarako UCSB Unibertsitatean eta Chicagoko Unibertsitatean (AEB).

Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 7an amaituko da (egun hori barne), eta eskabidea behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan edo Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan aurkeztu beharko da.

Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, aurten, berrikuntza gisa, Chicagoko Unibertsitateko irakurleak euskara eta gaztelera irakatsiko ditu. Postu horretarako hautagaiek derrigorrez eskabide bat aurkeztu beharko dute Chicagoko Unibertsitatean (https://academiccareers.uchicago.edu estekan, #04076 erreferentzia aukeratu) eta beste bat Etxepare Institutuan.

Beharrezkoa da hautagaiek unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia), bai eta Euskara Gaitasun Agiria (EGA) ere. Horrez gain, Bartzelonan katalaneko eta Italian italierako B2 maila eskatuko da, Santa Barbaran ingeleseko C1 maila, eta Chicagon, berriz, ingeleseko C2 maila. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak dituztenak lehenetsiko dira, bai eta euskararen 4. hizkuntza eskakizun egiaztatuta dutenak ere.

Temas

Euskera