https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskara batuari ekin zioten bileraren inguruko erakusketa egin dute Maulen

Erakusketaren kartela./
Erakusketaren kartela.

Martxoaren 16a bitarte dago ikusgai, Ondarearen Etxean, 'Baiona, 1964: euskara batuaren zedarria', mugarri izan zen bileraren inguruko erakusketa. Sumatu zuten euskara bateratu baten premia, eta era berean, euskalkien aniztasuna mantentzekoa

AMALIA IBARGUTXI

Euskara batuaren sorreran garrantzi berezia izan zuen Baionak. Bertan elkartu ziren, 1964an, euskalgintzan militatzen zuten zenbait lagun, eta bertan proposatutako erabakiak ezagutu eta ontzat harturik, 1968ko Arantzazuko bilkura antolatu zuen Euskaltzaindiak; Euskara batua orduan sortu zutela esaten da. Lehen bilera horri tiraka, erakusketa antolatu du Euskaltzaindiak Mauleko Ondarearen Etxean.

Euskalki guztiak nolabait bateratu eta guztientzako tresna erabilgarria eskaini asmoz aritu ziren lanean Eneko Irigarai eta Txillardegi; Telesforo Monzon eta Jesus Solaun; Jean-Louis Davant; eta azkenik, Roger Idiart, Andiazabal, Jean Hiriart-Urruty eta Pierre Lafitte apaizak, Elizaren izenean.

Prozesu horren berri eman zuen erakusketaren irekiera ekitaldian Xarles Videgain Ipar Euskal Herriko Euskaltzaindiaren ordezkariak. «Baionan, Cordeliers karrikan, 1964ko abuztuan, euskara batuaren oinarriak jarriak izan ziren, erabaki zehatz batzuk aurkeztu zituelarik talde-lan batek, Txillardegiren inguruan eta Euskal Idazkaritzaren eskutik. Aitzineko urteetan ere batuaren asmoa emeki-emeki zoritu zen, Baionan agertu arte. Ondoko urteetan, berriz, Baionako erabakiak ezagutu eta ontzat harturik, 1968ko Arantzazuko bilkura antolatu zuen Euskaltzaindiak, ordutik Euskal Herriko gizartean oihartzun zabala hartu duelarik euskara batuak».

Hitzen deklinabidea, ortografiarako irizpideak, izan eta ukan aditzak, eta h-dun hitzen zerrenda bat osatzea izan zituzten helburu lehen bileran. Ortografia finkatu, hiztegia eguneratu, euskaldun guztientzat idatz-arau berak zehaztu eta beste hainbat arlo landu behar ziren euskarak etorkizuna izan zezan. Baina ez zen adostasunik lortzen, batasun hori nola egin, eta euskalkien aberastasuna galtzeko beldur ziren.

60ko hamarkadan, lantaldea osatu eta ia urtebetez aritu ziren lanean, Baiona Ttipian, Euskal Idazkaritza elkartearen babesean. Burututako lan horien berri emateko, panelez, testigantzez, irudiez eta jatorrizko dokumentuez hornitu dute Mauleko Ondarearen Etxeko erakusketa. Martxoaren 16a bitarte dago ikusgai. Euskal Elkargoaren, Euskararen Erakunde Publikoaren, Baionako Herriko Etxearen eta Crédit Agricole-ren babesa jaso du.

Temas

Euskera