Euskaltzaindiaren 'Euskaraz ahoskatzen ikasi eta irakatsi' ikastaroa, urriaren 16an, Bilbon
Izena emateko epea urriaren 12ra bitarte dago zabalik, eta akademiatik jakinarazi duenez, gehienez ere 12 laguneko taldea osatuko da
Paul Picado
Osteguna, 8 urria 2020, 19:30
Euskara jakitea gauza bat da, eta zuzen ahoskatzen jakitea, beste bat. Horiek horrela, Euskaltzaindiak ikastaro bat antolatuko du urriaren 16an, Bilboko egoitzan, 'Euskaraz ahoskatzen ikasi eta irakatsi' izenburupean. Izena emateko epea urriaren 12ra bitarte dago zabalik, eta akademiatik jakinarazi duenez, gehienez ere 12 laguneko taldea osatuko da.
2019ko otsailean, Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldien artean, jardunaldi bat eskaini zitzaion ahoskerari. Hitzaldi eta eztabaidak amaitu ondoren, han azaldutakoak ikasketaren aldetik jorratzen jarraitzeko asmoa azaldu zuen Ahoskera Batzordeak.
Ikastaro aurreratua 2019ko urrian egin zen, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean eta aurtengo maiatz-ekainerako ari zen Euskaltzaindia ikastaro berriak eratzen, baina bertan behera utzi behar izan ziren osasun krisiagatik. Orain, azkenean, urriaren 16rako proposatu da hitzordua, eta, esan bezala, interesdunek izena eman dezakete urriaren 12ra arte.
Ikastaroak saio teorikoa eta praktikoa izango ditu. Lourdes Oñederra Euskal Filologiako doktore, euskaltzain oso eta Ahoskera Batzordeko buruak emango du lehena, 09.30etik 10.30era, eta Julia Marin antzerki itzultzaile eta komunikazio tekniken irakasleak bigarrena, 10.30etik 13.30era.
Izena eman nahi baduzu, beraz, anima zaitez 944 158 155 telefonora deitzen eta info@euskaltzaindia.eus helbide elektronikora idazten. Gehienez ere, 12 laguneko taldea osatuko da.