https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskaltzaindiak uste du «beharrezkoa» dela Nafarroako euskarari buruzko foru legea berritzea

Euskara «berreskuratzeko eta garatzeko babesa» ere eskatu dute

AMALIA IBARGUTXI

Duela egun batzuk, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Nafarroako Parlamentuan euskararen lege berri bat idazteko batzordea eratu dela baliatuta, herritar guztien hizkuntza eskubideen alde egingo duen lege bat egin dadin eskatzeko, mobilizaziora deitu zituen Paul Bilbao kontseiluburuak nafarrak. Orain, Nafarroako Parlamentuan euskarari buruzko foru lege berri bat egiteko sortutako Batzorde Berezian parte hartzera gonbidatu dute Euskaltzaindia, eta Akademiaren izenean bertan izan dira Sagrario Aleman diruzaina eta Andres Iñigo Nafarroako ordezkaria. Bertan adierazi dutenez, «beharrezkoa da Nafarroako euskarari buruzko foru legea berritzea»

Euskara «Nafarroa osoaren eta nafar guztien eta bakoitzaren hizkuntza denez gero, euskararekiko nafar guztiek duten eskubidea, berdintasuna eta askatasuna bermatzea» eskatzen die lege berriaren egileei Euskaltzaindiak.

Euskararen ofizialtasuna lurralde guztira zabaltzeko nahia adierazi dute euskaltzainek, «euskararekiko nafar guztiek duten eskubidea, berdintasuna eta askatasuna bermatzea», hain zuzen.

Hala, zonifikazioarekin amaitzea izan beharko luke lege berriaren erronka nagusia, Aleman eta Iñigoren iritziz. «Egun indarrean dagoen eremukako zatiketa linguistikoa alde batera uztea da oztopo eta eragozpena besterik ez da», adierazi dute.

Bertakoa eta berezkoa

Euskara «berreskuratzeko eta garatzeko babesa» ere eskatu dute. Horretarako, uste dute, «argi eta garbi ezarri beharko liratekeela euskara sustatu eta erabiltzeko baliabideak, euskara jakin eta erabiltzeko neurriak eta, aldi berean, erabat saihestu, hizkuntza dela-eta izan daitezkeen bazterketak. Euskararen ikaskuntza eta erabilera bermatu behar dira, herritar bakoitzak hautatzeko duen eskubidea errespetatuz».

Bestalde, euskaltzainek «argi utzi» nahi izan dute euskara, hizkuntza ofiziala izateaz gainera, Nafarroako eta beste lurralde batzuetako hizkuntza «berezkoa dela» eta, hizkuntzaren etorkizunerako erabakigarriak diren erabilera-esparruak finkatu beharra dagoela «nafarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko». Esparru horien artean daude administrazio publikoa, justizia administrazioa, dokumentu publikoak, erregistro publikoak, kontsumitzaile eta erabiltzaileei emandako informazioa eta publizitatea, eta, orobat, esparru sozioekonomikoa.

Gainera, euskaltzainok Batzorde Bereziarekin elkarlanean aritzeko «prestasun osoa» berretsi dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos