https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak euskararen erabilera sustatzeko mintegi bat antolatu dute asteazkenean Bilbon

Andres Urrutia, Enparantza Berrian./Luis Ángel Gómez
Andres Urrutia, Enparantza Berrian. / Luis Ángel Gómez

50 bat soziolinguista, unibertsitateko irakasle, hizkuntza politiken arduradun eta euskalgintzako ordezkarik hartuko dute esku bertan

UNAI SARRIUGARTE

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak euskararen erabilera sustatzeko mintegi bat antolatu dute asteazkenean, uztailak 17, Bilbon. Fundazioaren egoitzan ospatuko den ekitaldian 50 aditu inguruk hartuko dute esku.

Ekitaldia Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak irekiko du eta 50 bat soziolinguista, unibertsitateko irakasle, hizkuntza politiken arduradun eta euskalgintzako ordezkarik parte hartuko dute bertan.

Euskarak gorakada handia bizi izan du azken hamarkadetan. Arrazoi ugarik bultzatu dute euskararen sustapena eta erabilera: euskararen batasuna, zenbait elkartek eta erakundek hizkuntza honen alde aurrera eramandako lan kementsua, gizartearen parte hartzea sustatuz edota Euskal Herriko zenbait probintziatan euskarak lortu duen ezagutza, bai eta herri erakunde batzuetatik sustaturiko hizkuntza politika eraginkorrak.

Sabino Arana Fundaziotik nabarmendu duenez: «Egun, euskara biziberritzen jarraitzeko, oso garrantzitsua da pasa den mendean kontuan harturiko jarraibideak, hona ekarri gaituztenak, egoera berrira egokitzea eta gaurko zein biharko beharrizanak aurreikusiz indarberritzea».

Fundazioak dioenez gero eta gogoeta gehiago egiten ari da euskalgintza deiturikoa ekinbide eta asmo eta indar berriekin gaurko errealitate eta beharrizan sozialetara ekartzeaz. Hori dela bide, euskara erakunde nahiz elkarte ezberdinetatik indarberritu eta sustatzen jarraitzeko mintegia antolatu du Sabino Arana Fundazioak Euskaltzaindiarekin elkarlanean.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak «EAEko herri langileak: euskara jakitetik euskara erabiltzera« izeneko hitzaldia eskainiko du. Hitzaldiaren amaieran galderen txanda etorriko da. Bertan Gotzon Lobera itzultzailea eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea ibiliko da moderatzaile lanetan.

Lehendabiziko hitzaldia amaitu eta berehala, Joseba Lozano Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak eta Natxo Mosteiro Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako Hizkuntza Plangintzako arduradunak gogoeta bat egingo dute. Gogoeta honek Euskadiko erakunde lokaletan euskararen erabilera sustatzeko zer bide eta esparru jorratu ahal diren izango ditu hizpide. Hitzaldi honetan Amaia Jauregizar Euskaltzaindiko kideak eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoko ikertzaileak egingo ditu moderatzaile lanak.

Halaber, Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea euskarazko kulturgintzaren inguruan mintzatuko da. Solasaldi honetan Erramun Osa euskaltzain urgazle, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko idazkari eta mintegiaren koordinatzailea ibiliko da moderatzaile lanetan.

Mintegiaren amaierarako mahai inguru bat antolatu dute, hizkuntza esparruko eragile ezberdinek euskararen etorkizunaren inguruan gogoeta egingo dute. Bertan euskararen inguruko hainbat adituk hartuko dute esku: Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusia, Iban Arantzabal Goiena-ko zuzendari nagusia, Sagrario Aleman euskaltzain eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko burua, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailea eta Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendaria besteak beste.