https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskaltzaindiak mendeurrena ospatzeko jardunaldi akademiko bat burutuko du Bilbon maiatzaren 16an eta 17an

Andres Urrutia euskaltzainburua. /Pedro Urresti
Andres Urrutia euskaltzainburua. / Pedro Urresti

Jardunaldi honek Parisko ITEM Institutuaren laguntza jaso du

UNAI SARRIUGARTE

Euskaltzaindiak bere mendeurrena ospatzeko jardunaldi akademiko bat antolatuko du Bilboko egoitzan maiatzaren 16an eta 17an. Euskal erakundeak mendeurrenaren baitan antolatzen duen seigarren jardunaldi akademikoa izango da. Parisko ITEM Institutuarekin batera antolatutako jardunaldi akademikoan, euskara eta hainbat hizkuntzatan lanean diharduten idazleek erabilitako artxibo, eskuizkribu eta inprimakiak aztertzeko abagunea izango dute.

Jardunaldiaren nondik norakoen aurkezpena astelehen honetan egin zen Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Hainbat izan ziren Bilbon egindako agerraldian egon zirenak: Andres Urrutia euskaltzainburua, Aurelia Arkotxa euskaltzain eta jardunaldiko koordinatzailea, Jabier Kaltzakorta idazle eta euskaltzaina eta Ibon Usarralde mendeurreneko ekitaldien bateratzailea.

Aurelia Arkotxak jardunaldien koordinatzaileak ekitaldian aztertuko diren eskuizkribu, artxibo nahiz inprimakiek sortutako mundu aberatsaren inguruan gogoeta egin behar dela gaineratu zuen. Era berean, Begoñak euskal eremuan gertatutako berezitasunen inguruan hausnartu behar dela nabarmendu zuen.

Bestalde, Andres Urrutia euskaltzainburuak ekitaldi berri honek Euskaltzaindiaren betiko hariari eusten diola helarazi zuen. Era berean, jardunaldi berri honen nazioartekotasuna azpimarratu zuen. Bere ustetan: «Euskarazko literaturak kanpoan duen presentzia gero eta handiagoa da; eta alderantziz ere berdina ikusten dut, itzulpengintzari esker».

Jardunaldia doakoa izango da eta streaming bidez eskainiko da Akademiaren Youtube-ko atarian. Zuzeneko itzulpena ahalbidetuko da eta izena emateko epea maiatzaren 13a arte egongo da zabalik.

Guztira 26 hizlarik parte hartuko dute maiatzeko jardunaldietan: Aurelia Arkotxa bera (Euskaltzaindia), Bernardo Atxaga (Euskaltzaindia), Olga Anokhina (ITEM), Delfina Cabrera (La Platako Unibertsitatea), Rainier Grutman (Ottawako Unibertsitatea), Mari Jose Olaziregi (EHU), Max Hidalgo (Bartzelonako Unibertsitatea), Joseba Lakarra (Euskaltzaindia-EHU) eta Miren Ibarluzea (EHU), hurrenez hurren.

Temas

Euskera