Euskaltzaindiak Joakin Lizarraga Elkanokoaren lexikoaren azterketari buruzko hitzaldiak antolatu ditu
Idazlearen bizitzaren nondik norakoak, obra, erabilitako idatzizko iturriak eta lexikoaren azterketa filologiko eta dialektologiko xeheak izango dira aztergai
Zurekin
Asteazkena, 30 abuztua 2023, 09:53
Joakin Lizarraga Elkanokoaren lexikoaren azterketari buruzko hitzaldiak antolatu ditu Euskaltzaindiak, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Horrela, irailaren 7an, 18.00etan, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaritzan, idazlearen bizitzaren nondik norakoak, obra, erabilitako idatzizko iturriak eta lexikoaren azterketa filologiko eta dialektologiko xeheak izango dira aztergai. Hitzaldia euskaraz izango da.
Irailaren 8an, berriz, idazlearen biografia izango da, 18.00etan, Elkanon. Joakin Lizarraga euskal letretan ezagutzen den idazlerik «oparoenetariko» bat da, «aproposa» Nafarroa Garaiko euskara hobeki ezagutzeko. Hitzaldi hori, aldiz, gaztelaniaz izango da.
Joakin Lizarraga edo Lizarraga Elkanokoa (1748-1835) apaiz eta euskal idazlea izan zen. Garaiko idazle euskaldun «garrantzitsuenetakoa», lanak hegoaldeko goi-nafarreraren Iruñerriko aldaeraz idatzi zituen, orduko euskara jasoz. Garai bateko Iruñerri euskaldunean bizi ziren eliztarrei heziketa erlijiosoa eskaini ahal izateko, 5.000 orrialde inguru idatzi zituen eskuz eta euskaraz. Hizkuntzari dagokionez, «oso aberatsa» da Joakin Lizarragaren lanek eskaintzen duten informazioa.
Ibai Iriarte Goñik 'Joakin Lizarragaren lexikoaren azterketa' liburua plazaratu zuen. Iriarte 2017an graduatu zen eta hurrengo urtean Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritza masterrari ekin zion ikerketaren harrak hartaraturik. 2017ko irailetik 2022ko urtarrilera Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak babesturiko Joakin Lizarragaren lexikoa aztertzeko egitasmoan parte hartu du eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) doktorego programako kide da iragan 2019az geroztik.