https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskaltzaindiak 26 hizlari bilduko ditu Nazioarteko Literatura jardunaldian, Bilbon

Euskaltzaindiak 26 hizlari bilduko ditu Nazioarteko Literatura jardunaldian, Bilbon
Euskaltzaindia

Hainbat hizkuntzarekin lanean diharduten idazleek erabilitako artxibo, eskuizkribu eta inprimakiak aztertuko dira topaketan, hau da, «itzalean geratzen den lana»

EL CORREO

Euskaltzaindiak eta Parisko ITEM institutuak (Institut des textes et manuscrits modernes) batera antolaturiko Nazioarteko Literatura jardunaldia ospatuko da ostegunean eta ostiralean, maiatzaren 16an eta 17an, Akademiaren egoitzan, Bilbon, eta nazioarteko 26 hizlarik parte hartuko dute bertan. Hainbat hizkuntzarekin lanean diharduten idazleek erabilitako artxibo, eskuizkribu eta inprimakiak aztertuko dira topaketan, hau da, «itzalean geratzen den lana».

Euskaltzaindiaren mendeurreneko seigarren jardunaldi akademikoa izango da hau, eta, Euskararen Akademiak jakinarazi duenez, 'Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpena: eskuizkribuak, inprimakiak, literatura-artxiboak' izenburuarekin egingo da.

Aurelia Arkotxa euskaltzain eta jardunaldiko koordinatzaileak agertu ditu biltzar berriaren helburuak: «Idazlearen tailerrean geratzen den mundu aberats hori aztertu nahi dugu, horretaz gogoeta egin, Iberiar geografian agertzen diren berezitasunei erreparatuz, eta, bereziki, euskal eremuan agertzen direnei».

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak eta Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak parte hartuko dute aurkezpen ekitaldian, 09:00etan, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin eta Aurelia Arkotxa euskaltzainarekin batera. Ondoren, Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzainak 'Egilearen aitorpenak' mintzaldia eskainiko du.

Guztira 26 hizlari egongo dira, besteak beste, Aurelia Arkotxa eta Bernardo Atxagarekin batera, Olga Anokhina (ITEM), Delfina Cabrera (La Platako Unibertsitatea), Rainier Grutman (Ottawako Unibertsitatea), Mari Jose Olaziregi (EHU), Max Hidalgo (Bartzelonako Unibertsitatea), Joseba Lakarra (Euskaltzaindia-EHU) edo Miren Ibarluzea (EHU).

Jardunaldia streaming bidez eskainiko da, Akademiaren Youtube-ko atarian: ostegunean https://youtu.be/8Ckmdhaukjk loturan, eta ostiralean https://youtu.be/3gWyTze0-4g loturan.