Euskaltzaindiak 'Harri eta Herri'ren jatorrizko mekanografiatua utzi dio Arte Ederren Museoari
Gabriel Arestiren liburuaren dokumentua eta liburuaren lehen edizioaren ale bat eta urtarrilaren 18ra arte egongo dira ikusgai
Zurekin
Ostirala, 17 urria 2025, 14:34
Euskaltzaindiak Gabriel Arestiren 'Harri eta Herri' poema liburuaren jatorrizko mekanografiatua laga dio Bilboko Arte Ederren Museoari, Akademiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez. Dokumentua Zarauzko (Gipuzkoa) Itxaropena argitaletxearen artxiboetan zegoen eta orain Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboan gordetzen da. Liburua Itxaropena argitaletxeak argitaratu zuen 1964an Kuliska Sortan Zarautzen. Eta adituen arabera, «euskal poesiaren historian iraultzailea izan zen, gai sozial eta politikoak jorratzen zituelako eta injustiziak salatu».
Bada, dokumentua eta 'Harri eta Herri' liburuaren lehen edizioaren ale bat 2026ko urtarrilaren 18ra arte egongo dira ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoaren beheko solairuan, sarreraren ondoan.
Miguel Zugaza museoaren zuzendariaren hitzetan, «'Harri eta Herri'-n agertzen den 'Souvenir' olerkiak Frantziako turista batzuek Bilbora egiten duten bisitaldia irudikatzen du, eta honela, artea gorde eta erakusteaz gain, hiriaren orduko errealitate soziala begiratzeko leiho bihurtzen da museoa; gainera, Deustuko txabolismoa ere salatzen du pieza berean».
Andres Urrutia euskaltzainburua asteazkenean hurbildu zen Bilboko Arte Ederren Museora, eta, dokumentuak ikusteaz gain, Zugazarekin hitz egiteko aukera izan zuen. «'Maldan behera' kenduta, 'Harri eta Herri' izan zen Arestiren lehen obra garrantzitsua. Dokumentu berezi hau erakutsiz, Bilborekin idazleak izan zuen lotura estua azpimarratu nahi izan dugu, eta, bide batez, haren lana gaur egunera ekarri nahi izan dugu, izugarria baita Arestik euskal kulturari eman zion hauspoa, utzi zion legatua», esan zuen.