https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskaltzaindiak genero markarik gabeko izenak sartu ditu lehen aldiz pertsona izendegian

'Pertsona izendegia' aldiro gaurkotuko da webgunean./
'Pertsona izendegia' aldiro gaurkotuko da webgunean.

Izen neutroak lehen aldiz sartu dira bertan, eta 500 gehitu dira

EL CORREO

Euskaltzaindiak izen neutroen edo genero markarik gabekoen saila sartu du lehen aldiz bere pertsona izendegian, eta 500 izen inguru gehitu dira bertan. Akademiaren betebeharra da euskal pertsona izenen zuzentasun linguistikoa bermatzea eta urte hauetan guztietan metatu duen esperientzia herritarren esku jartzea. Horrela, izaera irekia eta dinamikoa izango du 'Pertsona izendegia' berrituak eta aldiro gaurkotuko da webgunean.

Pertsona izendegiari dagokionez, bide berriak aurkeztu zituen Akademiak Gasteizen ospatutako Nazioarteko Onomastika Jardunaldian: izen neutroak lehen aldiz sartu dira (genero markarik gabeko izenak), eta 500 izen gehitu dira bertan. Lehenago zeuden pertsona izen txikigarri bakanei beste batzuk gehitu zaizkie.

«Izendegiaren berezko izaera irekia eta dinamikoa mantenduz, era guztietako izenak sartzen jarraituko du Euskaltzaindiak. Aurkezten dugun honetan orain arte dokumentatu ditugunak sartu dira, baina zerrenda zabalik dago eta izen berriak aztertu ahala datu-basean gehituz joango gara», azaldu zuen Paskual Rekalde Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak.

Halaber, euskaltzain urgazleak nabarmendu zuen genero marka duten izenak kategoria horri atxikiak direla tradizio soziokultural edo ibilbide historiko bat dutelako euskal gizartearen bilakaeran. «Hala ere, datuen argitan frogatuko balitz sail horretako izen batzuek esleitua duten generoaz gain beste generoarekin ere erabili edo erabiltzen direla, datuak egokitu beharko lirateke», gaineratu zuen.

Erregistro kopurua, lehen baino nabarmen handiagoa

Bestalde, Euskal Onomastika Datutegi berrian dauden berrikuntza guztiak ere azaldu zituzten prentsaurrekoan. Alde batetik, kontsultatzeko sistema berria dago, kontsultagarri jarriko den erregistro kopurua lehen baino nabarmen handiagoa dela eta erregistro horietaz kontsulta daitekeen informazioa askoz ere aberatsagoa dela.

Halaber, kontsultak abiatzeko eta fintzeko tresna ahaltsuagoak jarriko dira abian: datuetara jotzeko oinarrizko menuez gainera, bilaketa malguak egiteko aukerak (komodinak, izenen osagaiak...) eta erregistroak iragazteko sistema azkar eta anitzak inplementatu dira web berrituan.

Kontsultagarri jarriko diren erregistro kopuruetan ikusiko da EODAren hazte kuantitatibo nabarmenena, bai pertsona izenetan eta bai leku erregistroetan. Horrela, deiturak 9.610etik 9.660ra igaro dira, pertsona izenak 3.460tik 4.730era, eta leku erregistroak 7.977tik 112.700ra.

Azkenik, mendeurrena profitatuz, 'Kale- eta karrika-izenen eskuliburua' plazaratu du Euskaltzaindiak, Onomastika batzordearen eskutik. Bertan, karrika izenetarako emandako irizpideak eguneratuta eta xeheago deskribatuta agertzen dira.

Temas

Euskera