https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskaltzaindiak bederatzi kongresu prestatu ditu mendeurrenaren harira

Euskararen batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpenaren ingurukoa izango da lehenengo jardunaldia, erakusketa eta guzti, irailean Baionan

AMALIA IBARGUTXI

Nazioarteko bederatzi kongresu antolatuko ditu 2018 eta 2019 bitartean Euskaltzaindiak, erakundearen mendeurrenaren harira. Euskararen lurralde guztietan egingo dira, Akademiaren batzorde, lantalde eta egitasmo guztien parte-hartzearekin. Euskaltzaindiaren jardun eremu eta aztergai guztiak jorratuko dituzte kongresuotan.

Euskararen batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpenaren ingurukoa izango da lehenengo jardunaldia eta erakusketa, Baionan, irailean.Euskararen Batasuna, Hizkuntza eskubideak, ahoskera, dialektologia, literatura, onomastika, gramatika, eta teknologia berrien eta euskararen ingurukoak izango dira gainerakoak.

Andres Urrutia euskaltzainburuak «euskal gizartearen beharrizanei behar bezala erantzuteko» beharra azpimarratu du egitarauaren aurkezpenean, «aldi berriari, XXI. mende korapilatsu baina itxaropentsu honi, ilusio berrituarekin ekiteko, denok baikara ezinbestekoak euskara biziberrituko badugu».

Euskaltzainburuaren  arabera, ohikoa izaten da halakoetan erakundearen merituak aipatzea, baina «badakigu zeintzuk diren gure on-gaitzak, badakigu zeintzuk diren gure betekizunak, eta gizarteari begira jarri gara, euskal gizartearen beharrizanei behar bezala erantzuteko. Euskaltzaindiaren zerbitzu-bokazioa aspaldikoa da, baina azkartu eta indartu egin behar dugu».

'Euskara ehuntzen'

Mendeurreneko logo berriaren esanahiak azaltzeko ere atera dute tartea. 'Euskara ehuntzen' da Akademiaren mendeurrena ospatzeko leloa. Adierazi dutenez, «mendeurrenaren pisua azpimarratzen du lemak, baina, aldi berean, bestelako ideiak ere iradokitzen ditu: hala nola, euskara zaintzen, ikertzen eta lantzen jarraitu behar duela euskararen Akademiak, bai, baina euskalgintzarekin bat eginez, gure betiko zerbitzu bokazioa indartuz, gaur-gaurko premia eta eskabideei erantzuna emanez».

Hauek izango dira ondorengo kongresuetako gaiak, tokiak eta datak: Euskararen batasuna (Arantzazu, urria), Hizkuntza eskubideak (Iruñea, 2019ko urtarrila), Ahoskera, (Gasteiz, otsaila), Dialektologia (Bilbo, martxoa), Literatura (Bilbo, maiatza),Onomastika (Gasteiz, ekaina),Gramatika (Donostia, uztaila), Teknologia berriak eta euskara (Donostia, iraila).

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos