https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskalduna zara eta haurrak zaindu nahi dituzu? Apunta zaitez Arrigorriagako zerrendetara

Informaziarekin zerikusirik ez duten ume eta zaintzaileek./Gabriel Villamir
Informaziarekin zerikusirik ez duten ume eta zaintzaileek. / Gabriel Villamir

Interesdunek martxoaren 5etik 22ra arte eman ahalko dute izena

ELCORREO.COM

Euskera ondo dakiten pertsonek haurrak zain dezaten lortu nahi du Arrigorriagak. Berdinean Euskaraz programaren barruan, Udaleko Euskara Zerbitzuak hizkuntza ondo menderatzen duten eta haurrak zein gazteak zaintzea gustuko duten udalerriko pertsonak izena ematera animatu nahi ditu. Izan ere, horrela, interesdunek udalak gurasoen eskura jarriko dituen zerrendetan parte hartzeko aukera izango dute.

Ekimen honen antolatzaileek azpimarratu dutenez, «haurrek dakitena finka dezaten eta ez dakitena ikas dezaten, oso garrantzitsua da zaintzaileek euskaraz hitz egitea». Hasieran, beraz, udalerriko zaintzaile euskaldunek osatutako lehenengo zerrenda egingo da eta, hortik aurrera, beste zerrenda batzuk egiteko aukera izango da ere bai. Udaletik nabarmendu dutenez, hala ere, beraiek alderdi interesdunen arteko bitartekaritza lana egiteaz baino ez dira arduratuko. Beraz, argi utzi dute, ekimena ez dela udaletxeko lan poltsa bat izango.

Era berean, gurasoen elkarteei kirol begirale euskaldunak aurkitzea oso zaila egiten zaienez, beste zerrenda bat irekiko da. Kasu horretan, kirol begirale ziurtagiria eta euskarazko B2 edo C1 maila eskatuko zaie interesdunei.

Gainera, jarduerak euskaraz egiteko ekintza planean Arrigorriagako Udalak, bereziki, haur eta gazteak hartu ditu kontuan; izan ere, kolektibo horrentzat antolatzen diren astialdiko jarduerak gero eta ugariagoak dira. Ezinbestekoa da esparru horretan euskararen erabilera normalizatzea; horregatik, aisialdiko begiraleekin hirugarren zerrenda egingo da. Lista horretan parte hartzeko dagokion ziurtagiria eta euskarazko B2 edo C1 maila eskatuko dira.

Intereseko informazioa

Parte hartzeko interesa duten pertsonek Herritarren Arretarako Zerbitzura (HAZ) jo dezakete izena emateko, bai udaletxekora bai Abusu Zentro Soziokulturalekora, martxoaren 5etik 22ra arte. Beharrezkoa da curriculum vitaea aurkeztea eta eskaera-orria betetzea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos