https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal zinema, mugak gainditzen

Durangoko Azokaren barruan ikus-entzunezkoei eskainita dagoen gunean hainbat eztabaida zinematografiko gertatuko dira./Ignacio Pérez
Durangoko Azokaren barruan ikus-entzunezkoei eskainita dagoen gunean hainbat eztabaida zinematografiko gertatuko dira. / Ignacio Pérez

'Irudienea'n erakutsiko da gure zinemak bizi duen une gozoa proiekzio berri eta hiru aurre-estreinaldirekin, Atxagaren nobelan oinarritutako 'Soinujolearen semea' barne

NAHIKARI CAYADO

Euskal zinema une gozoan dagoela esan daiteke gaur egun, geroz eta ohikoagoa baita aniztasuna euskaraz etengabe sortzen ari diren lanetan. 'Loreak', 'Amama' eta 'Handia' bezalako filmek egin dute posible euskal sorkuntzaren mailak mugak gainditzea eta indarrean zeuden aurreiritzi eta beldurrekin haustea. «Ez dago ezer eraginkorragorik film ona egitea baino», adierazi digu Eneko Sagardoy aktoreak. Bere esanetan, euskal fikzioa, zine esperimentala edo fantasiazko filmen gorakada hau aurreko filmek lortu zuten ospearen emaitza izan baita: «Betidanik egon dira genero desberdinetan lanean aritu diren sortzaileak», azpimarratu digu Sagardoyk.

Ibilbide horren guztiaren isla zuzena da 'Irudienea'. Durangoko Azokaren barruan ikus-entzunezkoei eskainita dagoen gune hau euskal zinemak izan duen ibilbidearekin batera elikatu da. «Geroz eta konplexu gutxiagorekin produzitzen dugu euskaraz», ziurtatu digu Johana Olabarriak, espazioaren ordezkariak.

2011. urtean ateak ireki zituenetik, askotariko aldaketak bizi izan ditu gune horrek. Autobus txiki batean hasi zenak zinemara egin zuen salto proiekzioaren baldintzak hobetze aldera. «Hasieran, dokumentalak ziren Irudienearen oinarri; azken urteotan, ostera, filmak eta kalitatezko ikus-entzunezkoak ere eskaintzen ditugu», jakinarazi digu Olabarriak.

Irudieneak aberastasun hori erakutsiko du aurten Durangoko Zugaza zineman. Goiz eta arratsaldez, uneoro izango dira ikusgai era guztietako proiekzioak, film laburrak, dokumentalak, fikziozkoak, hitzaldiak, mahai inguruak edota estreinaldiak eta pase bereziak. Baina ez hori bakarrik: zuzendariek, sortzaileek, aktoreek zuzenean aurkeztuko dituzte beren lanak, eta ikusleen zalantzak eta iritziak partekatuko dituzte.

Gonbidapenak

Aurre-estreinaldiak ikusteko beharrezkoa da gonbidapena lortzea: «Irudienean bertan hartu ahal izango dira Azokak irauten duen bost egunetan, eta doakoak izango dira», argitu du gunearen arduradunak. Aurre-estreinaldien artean Atxagaren eleberrian oinarritutako 'Soinujolaren semea' film luzea dago. Fernando Bernués zuzendari donostiarraren agindupean aritu dira besteak beste Eneko Sagardoy, Joseba Apaolaza eta Mireia Gabilondo aktoreak.

Maider Oleaga bilbotarraren 'Muga deitzen da pausoa' ere egongo da Irudienean ikusgai. Kontatzea merezi duen emakume baten historia dakar: Elbira Zipitria, frankismo garai betean lehen ikastola ireki zuen emakumearena. Politikaria, hizlaria, baina batez ere, irakaslea eta euskararen defendatzaile sutsua. Polemikoa eta maitatua izan zen Elbira aldi berean.

Gonbidapena beharko duen azkeneko aurre-estreinaldia 'Margolaria' dokumentala izango da. Bidaia baten istorioa da hau. Mikel Urdangarin musikariak, goiz batez, Alain Urrutia margolariarekin Skype bidez hitz egiten duenean hasten da. Urrutiak margolan bat eskaintzen dio Zornotzako abeslariari opari, baina baldintza batekin: haren bila joan beharko du Londresera.

Jakintza kolektiboa, bizipen historikoak eta sentimenduak erakutsiko dira Irudienen, euskarazko ikus-entzunezkoen plazan aurtengo edizioan. Horren adibide da Unax Blanco zuzendariaren 'Han eta hemen, zuk' dokumentala. 2017an 'krisi migratorio' moduan izendatu duten hondamendiaren aurrean, hainbat boluntario-talde dabil zenbait ekimen, egitasmo eta ekintzaren baitan euren denbora eskaintzen, han-hemenka. Maltatik, Aita Mari itsasontzia atera da 'Salvamento Marítimo Humanitario' gobernuz kanpoko erakundea Mediterraneoko uretan laguntza eskaintzeko asmoz.

Antolatu diren proiekzioen artean ikusgai izango dira, besteak beste: 'Errementari', 'Aralar, mundua leku den lurra', 'Gure oroitzapenak' edo 'Jainkoak ez dit barkatzen' film luzeak. Dokumentalen arloan, Telmo Esnalen 'Dantza'. Lara Izagirreren 'Ane eta Peio, amodio istorio bat piper artean' edota 'Agur Etxebeste' ez dira datorren urtea arte zinema-aretoetara iritsiko, baina azken honen xehetasunak jakingo ditugu 'making off' bati esker.

Laboa gogoratzen

Aurten, gainera, hamar urte beteko dira Mikel Laboa abeslari eta musikagile ezaguna zendu zenetik. Irudienean badakite hori, eta 'Gu Laboa' dokumentala pasatuko dute haren omenez. «Laboaren lanak zer nolako eragina izan duen euskal gizartean aztertzen duen dokumentala da», nabarmendu du Olabarriak. 'Txoria txori' edo 'Izarren hautsa' kantuen egileak abesti ugari utzi zituen euskaldunen oroitzapenetan. Azokaren lehenengo egunean egongo da ikusgai, arratsaldean.

Irudieneak beste apustu bat egin du aurtengo 'DA! Asko dira' lelopean datorren Azokarako. Azken urteetan ugaritu egin dira Euskal Herrian antolatzen diren ikus-entzunezkoen rallyak. Parte-hartzaileek denbora mugatu bat izaten dute gai baten gainean film labur bat grabatzeko, eta epaimahaikideek lanak baloratu ostean, herri bakoitzean irabazle bat egoten da.

Lehenengo aldiz euskarazko ikus-entzunezko lehiaketen arteko txapelketa antolatu da Azokaren azken egunerako. Finalisten final handi horren izena 'DEMAS.A' izango da, «onenetatik hoberena nor den aurkitzea da lehiaketaren helburua», azaldu digu Johana Olabarriak.

Ikus-entzunezkoen plaza honek atzoko filmei ere utziko die lekua. Herritarrek beren etxeko kamera zaharrekin grabatu zituzten film zaharrak biziberritzeko asmoz, horiek biltzeko ahaleginari ekin dio 'Proiektors' ekimenak. Izan ere, ahanzturan dauden ikus-entzunezko material horiek aurkitu, jaso eta digitalizatzea da taldearen xedea, betiko galdu ez daitezen.

Beren asmoa ezagutzera emateko asmoz, 'Proiektors' ekimenaren arduradunek aurkezpena egingo dute Irudienea espazioan ere. 'Apodaka' izeneko film laburra izango da ikusgai, Gipuzkoako herri batean auzolanean eginiko hainbat aurkikuntzen ondoren, ganbara batean aurkitutako Super 8 kamerarekin grabatutako irudiekin montatutako hamabi minutu ingurukoa.

Durangoko Azoka 2018

 

Fotos

Vídeos