https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal antzerkigintzaren bilduma eta analisia plazaratu dute

Euskal antzerkigintzaren bilduma eta analisia plazaratu dute

Patri Urkizu, Amaia Alvarez Uria, Idoia Gereñu, Ixabel Etxeberria, Karlos del Olmo, Arantzazu Fernandez, Agus Perez eta Jaime Valverdek sortu dute 'Ekin eta joka, azken ikerketak euskal teatroaz'. Sei ikerlan desberdinen laburpenak dakartza

AMALIA IBARGUTXI

Euskal antzerkigintzaren bilduma eta analisia egin du EHAZE-Antzerkizale elkarteak 'Ekin eta joka, azken ikerketak euskal teatroaz' izendatu duten saiakera-liburuan. Sei ikerlan desberdinen laburpenek osatzen dute, Euskal Herriko lurralde desberdinetako lagunek sortu dituztenak. Denera zortzi egile elkartu dira liburuan: Patri Urkizu, Amaia Alvarez Uria, Idoia Gereñu, Ixabel Etxeberria, Karlos del Olmo, Arantzazu Fernandez, Agus Perez eta Jaime Valverde.

Liburuak baditu hitzaurre eta hitzoste bana ere, testuinguru historikoa ematen dutenak, Patri Urkizu eta Jaime Valverdek idatzitakoak, hurrenez hurren. Sortzaileek azaldu dute, «ahalegin historikoa» egin badute ere «euskal teatroari beste begirada bat luzatzen hasteko», ez dela izan asmoa historia-liburu bat idaztea. Bakoitzak bere esparrutik eta eginahaletik landu dituen gaiak batu dituzte.

Saiakera-liburuan parte hartu duten lagunek askotariko esperientzia daukate antzerkigintzan. Amaia Alvarez Uria bilbotarrak, adibidez, Euskal Filologia eta Literatur Zientzien doktoretza EHUn egin ostean, 'Genero eta nazio identitateak Katalina Eleizegiren antzezlanetan' tesia defendatu zuen. Bologna, Limoges eta Sabadellen egon da haur antzerkiaren inguruko topaketetan eta, 2017an, UEUn, 'Antzerkia eta genero eraikuntzak' hitzaldia egin zuen.

Agus Perezek (Bilbo, 1954), bestalde, antzerki eta dantza garaikide kritikari egin du lan Euskaldunon Egunkaria, Berria, Hika aldizkaria edota Bilbo Hiria irratian, eta artikuluak eta elkarrizketak publikatu ditu hezkuntza, itzulpengintza eta arte eszenikoen aldizkari espezializatuetan nahiz orokorragoetan (Emakunde, Eskola, Arbela, Senez, Primer Acto, Erlea...).

Jaime Valverde Rodriguezek (Bilbo, 1980) ere, zenbait artikulu argitaratu ditu bai aldizkari zientifikoetan bai bilduma monografikoetan, betiere garaiko euskal antzerkiaren gaia jorratuz. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko (EHAZE) zuzendaritzan aritu da zenbait urtez eta Gara egunkariko antzerki kritikaria izan da.

Barakaldo Udalak eraturiko Antzerki Lantegi Iraunkorraren zuzendari-koordinatzailea eta irakaslea izandakoa da Karlos del Olmo, besteak beste. Senez itzulpen aldizkariaren zuzendaria dugu. Zinpeko itzultzaile-interpretea ere bada, eta zenbait iker taldetan esku hartzen du –itzulpengintzaren, euskal antzerkiaren eta euskal literaturaren gainean–, nahiz eta, azken urteotan, batez ere euskal antzerkiaren inguruko azterlanak egiten eta argitaratzen ari den, literatura dramatikoa idazten jarraitzeaz gain.

Halaber, Patrizio Urkizu Sarasuak (Lezo, 1946) euskal teatroaz liburu eta artikulu ugari idatzi ditu. Ixabel Etxeberria Urruñan jaio zen, kazetari lanak egin ditu, eta Larzabalen antzerkigintzari buruzko tesia Euskaltzaindiaren eskutik plazaratu du aurten. Bestalde, Idoia Gereñu Odriozola (Tolosa, 1980) XX. mendeko 30-70 hamarkadetako euskal teatroa ikertzen aritu da azken urteotan. Eta Arantzazu Fernandez Iglesiasek (Donostia, 1961) mende aldaketako (1990-2010) euskal antzerkiaren joerak ikertu ditu, eta, ikerlari independente moduan, antzerkigintza garaikidearekin zerikusia duten ikerketa lerroak lantzen ditu batik bat.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos