https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak Euskaraldiaren emaitzak eta eraginak aztertuko ditu

Euskaraldia euskararen biziberritzeari begira martxan jarritako ekimen berritzailea eta zabala izan da./
Euskaraldia euskararen biziberritzeari begira martxan jarritako ekimen berritzailea eta zabala izan da.

Irailean kaleratuko dira ikerketaren emaitzak eta urriaren 9an Euskal Soziolinguistika Jardunaldia horietan sakontzeko eta interpretatzeko aukera izango da Tolosan

EL CORREO

Eusko Jaurlaritzaren enkarguz eta beste hainbat erakunde publikoren babesarekin, Soziolinguistika Klusterrak ikerketa bat egin du Euskaraldiaren inguruan. Teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak erabiliaz ikertu da parte-hartzaileen hizkuntza-ohituretan izandako eragina, hauen bizipenak, antolakuntzarekin lotutako iritziak eta beste hainbat elementu. Irailean kaleratuko dira ikerketaren emaitzak eta urriaren 9ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia horietan sakontzeko eta interpretatzeko aukera izango da, besteak beste.

Egitarauan tokia izango da Euskaraldiaren aspektu ezberdinei buruz egin diren beste ikerketa batzuk ezagutzeko, argitaratutako emaitzetatik aurrera begirako ikasgaiak elkarrekin lantzeko eta zenbait adituk egiten duten irakurketa entzuteko.

Euskaraldia euskararen biziberritzeari begira martxan jarritako ekimen berritzailea eta zabala izan da. Milaka herritarrek zuzenean parte hartu dute hizkuntza-ohituretan eragiteko ariketa sozial erraldoian. Gainera, hamarnaka erakunde, elkarte, entitate eta batzorderen arteko elkarlanari esker izan zen posible ekimena.

Emaitzak mahai gainean jarri eta hobekuntzarako ikasgaiak ateratzea helburu hartuta, soziolinguistikan diharduten ikerlari eta teknikariei, erakunde publikoetako arduradun eta langileei, euskalgintzako dinamizatzaile eta aktibistei zein euskaltzale eta herritar orori zabalik dago Jardunaldian parte hartzeko gonbidapena. Egitarau osoa eta izena emateko aukera irailean zabalduko dira.

Soziolinguistika Klusterra euskara biziberritzeko ikergunea da. 2004an sortu zen eta, harrezkeroztik, ikerketa-esperientzia, harreman-sarea eta ezagutza sortu eta metatzen joan da. Bere xedea da ezagutza soziolinguistikoa sortzea eta kudeatzea euskara biziberritzeko prozesuaren erronka, interes eta beharrei erantzuteko. Horretarako bazkide, erakunde publiko, gizarte eragile, zientzia eragile eta bestelakoekin elkarlanean proiektuak garatzen ditu, ezagutza teorikoaren eta arlo aplikatuaren arteko zubiak eraikiz.

Temas

Euskera