https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal pentsionistek Gaurgeroa izeneko plataforma sortu dute

Pentsionistak, Bilbon egindako manifestazio batean./Ignacio Pérez
Pentsionistak, Bilbon egindako manifestazio batean. / Ignacio Pérez

Koordinakunde hau Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsionista taldeek osatzen dute

UNAI SARRIUGARTE

Euskal pentsionistek Gaurgeroa izeneko plataforma sortu dute. Koordinakunde hau Arabako Pentsionistak Lanean, Bizkaiko Pentsionistak Martxan, Gipuzkoako Duintasuna eta Nafarroako Pentsionistak Martxan taldeek sortu dute. Mugimendu dinamizatzaile honek talde ezberdinen artean batasun eta indar handiagoa lortzea du helburu.

Aurrerantzean modu koordinatu batean arituko dira lau probintzietako taldeak. Gaurgeroa herrialde bakoitzeko biltzarretan aukeratutako 24 kidek osatuko dute eta lau bozeramaile egongo dira, hau da, probintzia bakoitzeko bozeramaile bat. Hauetako bi gizon eta beste bi emakume izango dira.

Koordinakunde berriaren aldarrikapenek betiko joera berdina izango dute. Pentsioak automatikoki igotzea aldarrikatzen segituko dute, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eskatuz. Halaber, langileentzako gutxieneko 1.200 euroko soldata ezartzea eskatuko dute eta emakume eta gizonen arteko soldata eta pentsio arrakala gainditzea erreibindikatuko dute.

Gaurgeroaren bozeramaileek astelehenero Euskal Herriko hainbat herritan 13.000 pertsonatik gora biltzen direla nabarmendu zuten. Era berean, Apirilaren 13rako eta maiatzaren 11rako iragarrita dauden mobilizazioetan parte hartzera talde ezberdinak deitu dituzte: langileak, emakumeak, gazteak, eta eragile sindikal eta sozialak.

Espainiar estatuan 2018. urtean 8.698.160 pentsionista zeuden eta horrek 144.834 milioi euroko gastu soziala suposatu zuen. 2017. urtearekin alderatuz, iaz gastua %2,93 handitu zen. Espainiar estatuaren aurrekontuaren %40 pentsionisten erretirorako bideratua doa.