https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal pailazoak, euskararen, euskaldunen eta euskal kulturaren babesle sutsuak

Pailazoek euskal lurraldearekin izan duten konexioa hartu-eman batean laburbiltzen da

Euskal pailazoak, euskararen, euskaldunen eta euskal kulturaren babesle sutsuak
UNAI SARRIUGARTE

Euskaldun askok bezala asko zor diet euskal lurraldearen alde hainbeste egin duten pailazo ezberdinei. Izan ere, 80. eta 90. hamarkadaren euskal aisiaren ezinbesteko pilarea izan dira. Nork ez ditu gogoan telebistaren aurrean eurei begira emandako asteburuak? Euskal Herri mailan antzokiz-antzoki burutzen zituzten bira amaiezinak?

Euskal komunikabideek lan handia burutu dute 'clown' hauen difusio lanetan. Baina pailazoek euskal kultura eta aisian izan duten papera hartu-eman batean laburbiltzen da. Izan ere, euskaldunen hainbat belaunaldiren heziketaren eredu ezinhobea izan dira. Euskaldun askok pailazoei esker dute ama hizkuntza euskara. Genero honen barruan nabarmentzekoak dira batez ere Txirri, Mirri eta Txiribiton eta Takolo, Pirritx eta Porrotx.

Txirri, Mirri eta Txiribitonek 47 urte daramatzate euskal lurraldean barrea zabaltzen. Euskarazko lehen pailazo taldea izan zen, 1972. urtean sortua. Hiru pailazoak xelebreak dira eta bakoitzaren nortasuna oso ondo zehaztua dago. 'Clown'-en eskema klasikoa jarraitzen dute: Txirri azkarra, jakintsua eta dotorea da. Mirri, berriz, bihurria eta zirikatzailea. Eta, Txiribiton pailazo inozoa eta adiskide leiala.

24 liburuxka eta 23 disko plazaratu izan dituzte 47 urteotan. Era berean, oso famatuak izan ziren 80. hamarkadatik 2000. urtera bitartean Euskal Irrati Telebistan izan zituzten saioak: 'BarreBusa' (1999 - 2001, ETB1) edota 'Altza, Porru!' (2001 - 2002, ETB1) esaterako.

Euren ibilbide luzean sari asko irabazi izan dituzte: EITBren Iparragirre Sari Berezia (2005), Sabino Arana Saria (2006), Euskadiko Arte Eszenikoen Max Saria (2007), Telebistako Akademiaren Autonomi Haur Programa Onenaren Saria (2007) edota Merezimenduzko Argia Saria (2010).

2012-2013 urteetako Gabonetan antzezle originalek erretiroa hartzea erabaki zuten. Horretarako, 'Agur barrez' ikuskizuna sortu eta 30 bat saio eman zituzten Euskal Herrian barrena. Txirri, Mirri eta Txiribitonen azkeneko saioa 2013ko urtarrilaren 6an izan zen Igorren.

Txirri, Mirri eta Txiribiton erretiratu zirenean, juniorrek hartu zuten beraien lekukoa. Orain junior izena kendu eta eurek bihurtu dira Txirri, Mirri eta Txiribiton ofizial eta bakarrak.

Bestalde, Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazo hirukotea dugu. Egun Pirritx, Porrotx eta Marimotots izenarekin ezagun dena. 2002. urtean 15 urte bete zituen pailazo taldeak eta 'Beti zuekin... Katxiporreta!!' ikuskizunarekin ospatu zuten. 2012an, berriz, 25. urteurrenean 'Sentitu, pentsatu, ekin!' saio berezia sortu zuten. Duela bi urte eskas, 2017. urtean euren 30. urteurrena izan zen.

Taldea 1982. urtean hasi zen Lasarte-Oriako udalerrian. Bertako aurren %80ak A ereduan ikasten zuten, gaztelaniaz, eta kalean ere ez zen euskara askorik erabiltzen. Hori zela eta, Agustin Mujikak eta Jose Mari Agirretxek herrian euskararen erabilera sustatzeko asmoz haurrentzat zerbait egitea erabaki zuten. Hortaz, Olentzeroren etorreraren ekitaldia herri osorako antolatzeari ekin zioten.

Bost urte eman zituzten Olentzeroren etorrera antolatzen. 1987an, ordea, ekitaldia luze joaten zela ikusi zuten. Horregatik, arintze aldera, ikuskizunean pailazoak sartzea erabaki zuten. Horrelaxe jaio ziren Takolo, Pirrutx eta Porrotx.

Hasiera batean Takolo, Pirrutx eta Porrotx izan ziren. Ondoren Takolo, Pirritx eta Porrotx. Azkenik, Takolok taldea utzi zuenean, Pirritx eta Porrotxeri Marimotots gehitu izan zitzaien.

Pailazo hirukotea euskal kultura eta hizkuntzaren babesle sutsua da. Euren ibilbidean 31 disko eta 26 filme plazaratu izan dituzte. Oso famatua izan zen 2005. urtean plazaratu zuten 'Maite Zaitut' abestia, uda hartako entzunetarikoa izan zena.