https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal musika, lehen lerroan egunotan Eskozian

Korrontzi taldearen kontzertu bat./
Korrontzi taldearen kontzertu bat.

Hasia da Glasgoweko hirian Celtic Connections jaialdia, non Kalakan, Korrontzi, Huntza, Tosta eta Oreka TX taldeek emanaldiak egin behar dituzten

AMALIA IBARGUTXI

Euskal musika lehen lerroan izaten ari da Glasgoweko Celtic Connections jaialdian. Hasia da festa eta Kalakan, Korrontzi, Huntza, Tosta eta Oreka Tx taldeek emanaldiak egin edo egingo dituzte urtarrilaren 24tik gaur bitartean.

Etxepare Euskal Institutua da euskal partaidetzaren antolatzailea, eta bertako zuzendari Irene Larrazak hasiera eman zien ostegunean Eskoziako Glasgow hirian egiten ari diren Connecting Cultures jardunaldi profesionalei. Ekimen honek, bi lurraldeetako artista eta sektoreko profesionalen arteko harremana eta lankidetza sendotzea bilatzen du.

Jardunaldiok Celtic Connections jaialdiaren esparruan gauzatzen ari dira. Celtic Connections, World Music edo munduko musika izeneko generoaren nazioarteko jaialdi erreferenteetako bat da, eta arlo kulturala eta komertziala barne biltzen ditu.

Emanaldiei dagokienez, Glasgowko euskal musikaren erakusleihoa ostegunean zabaldu zen, Korrontziren kontzertuarekin, Old Fruit Market izeneko areto bihurtutako antzinako fruta merkatu batean. «Agus Barandiaranen trikitixak, bandako gainontzeko musikariek eta dantzariek lagunduta, zutik jarri zuen bertako ikus-entzulegoa», adierazi du Etxepare Institutuak.

Horren ostean, Kalakan taldearen txanda izan zen, «eta hauek emanaldi dotore, soil eta intimista eskaini zuten Glasgowko Royal Concert Hall aretoan. Hirukoteak, gainera, Eskoziari omenaldi txiki bat egin zion, bertako Kim Carnie eta Innes White artisten laguntzaz, euren errepertorioko kantu batzuk gaelikoz eta euskaraz abestuz. Emozioz beteriko ikuskizuna izan zen».

Atzo, ostirala, Huntzaren txanda izan zen, eta Danu with Imar artista irlandarrekin batera jo zuten. Tosta Bandak ere atzo eskaini zuen emanaldia. Jaialdiko azken euskal kontzertua Oreka Tx bikoteak eskaini behar du larunbat honetan, Royal Concert Hall-en; eta Tosta Bandak ere aritu behar du. Hainbat hizkuntza gutxitu balioan jartzeko helburua duen proiektu kulturanitza da Tosta Banda, Irlanda, Eskozia, Gales, Kornualles, Frisia, Galizia eta Euskadiko kideak biltzen dituena, eta Igor Otxoak eta Mixel Ducauk zuzendua.

Etxepare Institutuak, beste hainbat euskal erakunderen laguntzaz, #ScotlandGoesBasque ekimena gauzatu nahi du, Euskal Herriko kultura garaikidea Eskozian ezagutarazteko eta bertakoekin kulturaren, arteen eta hizkuntzaren bitartez harremanak estutzeko helburuarekin. Urtarriletik urrira bitarte, 100 inguru artista eta kultur eragilek bidaiatuko dute Eskoziara, bertako jaialdirik garrantzitsuenetako batzuetan parte hartzeko.

Temas

Irlanda