https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Basque Teamek eta Ikaslan Bizkaiak euskal kirolarien prestakuntza eta laneratzea sustatzeko akordioa sinatu dute

Akordioaren sinadura asteazken honetan izan da./
Akordioaren sinadura asteazken honetan izan da.

Hitzarmena Basque Teamek martxan jarritako 'Baloreetan BAT' proiektuaren barruko 'Laneratzea' prozesuaren barruan kokatzen da

EL CORREO

Nazioarteko txapelketetan euren parte hartzea bultzatzeko goi mailako euskal kirolariei baliabideak eskaintzea helburu duen Basque Team Fundazioak, eta Ikaslan Bizkaiak, Bizkaiko lurralde historikoko lanbide-heziketako 27 zentro publikok osatutako elkarteak lankidetza akordioa Faduran (Getxo) sinatu dute asteazken honetan. Hitzarmena Basque Teamek martxan jarritako 'Baloreetan BAT' proiektuaren barruko 'Laneratzea' prozesuaren barruan kokatzen da. Proiektu horren bitartez kirolarien beharrizan pertsonal eta profesionalei erantzuteko asmoa du fundazioak, goi mailako kirolean duten etapa pasa ondoren laneratze prozesu horretan laguntza eskainita.

Basque Teameko fundazioaren egoitzan, Faduran (Getxo), asteazkeneko sinaduran izan dira Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzailea, José Manuel González Fidalgo Ikaslan Bizkaiko presidentea, dagoeneko Tokioko Paralinpiar Jokoetan lehiatzeko txartela duen Agurtzane Egiluz gurpil aulkiko saskibaloiko proiektuko kirolaria, eta kirol egokituko neguko proiektuko kide diren Irati Idiakez eta Xabier Osa snowboardlariak.

Ikaslan Bizkaiak lan merkatuaren beharrizanetara egokitzen den kalitatezko irakaskuntza modernoa eskaintzen duten kualifikazio handiko irakasleak dituela nabarmendu dute fundaziotik, eta gainera ikasleen giza-formakuntzan ere arreta jartzen du. Zentzu horretan, Ikaslan-Bizkaia Basque Teamen aliatu berria izango da kirolarien prestakuntza hobetzeko, eta Basque Teamek bultzatzen dituen eta goi mailako kirolarekin lotuta dauden balioak hedatzeko.

Bi aldeen arteko lankidetza hainbat ekintza-esparrutan emango da:

Lanbide-heziketaren eta orientazio zerbitzuaren promozioa
Goi mailako euskal kirolariei lanbide-orientazioa eskainiko zaie, lanbide-heziketak dituen onurak azpimarratuta.
Lanaren sustapena goi mailako kirolarien artean
Bi aldeek Lanbide-heziketa Publikoaren Lanbide-bitartekotza Zerbitzuaren, 'IkasEnplegua'ren, erabilera bultzatuko dute. Gainera haien entrenamenduekin eta txapelketa ofizialen parte-hartzeekin bateragarriak diren lanbide-baldintzak eskainiko dizkiete goi mailako kirolariei.
Formakuntza-jarduerak
Bi aldeak goi mailako kirolariei eta erakundearekin lan egiten duten eta prestakuntza behar duten pertsonei zuzendutako formakuntza-aukerak sortzera konprometitzen dira.
Emakumearen agerikotasuna
Gizartean sakontasuna duen gaia izanik, bi aldeek elkarlana bultzatuko dute emakumearen kirolarekin lotutako esparrua ikusgai bihurtzeko, jardunaldien, ekitaldien edota beste hedapen edo kolaborazio tresnen bitartez.
Kirolaren balioetan oinarritutako proiektu berritzaileen garapena
Lanbide-heziketako Sistema Publikoak duen berrikuntzarako gaitasunean oinarriturik, kirolaren balioak eta heziketa munduan horien transferentzia ardatz hartuta, nazioarte eta estatu mailako proiektu berritzaileak garatzeko aukerak aztertuko dira.

Temas

Euskera