https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal kirolari onenak Eguzkilore urdinarekin saritu dituzte

Kerman Lejarraga boxeolaria, Europako Txapeldunaren gerrikoarekin./
Kerman Lejarraga boxeolaria, Europako Txapeldunaren gerrikoarekin.

Hauek izan dira aukeratuak: Jon Santacana eskiatzailea, Iñigo Peña piraguista, Maialen Garcia belar-hockey jokalaria, Amador Granados txirrindularia, Patxi Peula patinatzailea, Asier Agirre atleta eta Kerman Lejarraga boxeolaria

AMALIA IBARGUTXI

Urteko errepasoa egin eta 2020an jokatuko diren Tokioko Joko Olinpikoen inguruan hitz egiteko elkartu dira Basque Team-eko kideak eta Jaurlaritzako zenbait ordezkari, Iñigo Urkullu lehendakaria tartean. Aurten Fundazioaren beka jasotako kirolari eta teknikari gehienak izan dira ekitaldian, eta onenak Eguzkilore urdinarekin saritu dituzte.

Duela 11 urte sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk nazioartean euskal goi mailako kirola sustatzeko Basque Team taldea, eta oraingo bileran nabarmendu dituzte, hain zuzen, orduz geroztik egindako aldaketa eta aurrerapenak. Azpimarratu dute, besteak beste, Pyeongchangeko Neguko Jokoetakoa. Izan ere, parte-hartze errekorra hautsi zen, bost kirolarirekin. Orain arteko kopuru handiena izan da, Espainiako estatuak lehiaketa korearrean izan zuen parte-hartzearen %33,33, hain zuzen.

Dena den, Basque Team Fundazioaren jarduna kirol arlotik harago doa. Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak nabarmendu du kirolarien laneratzea bultzatzeko ekinean ari dela Fundazioa, «baita enpresa munduan eta hezkuntzan lankidetza harremanak eta estrategiak eraikitzeko eta gizarteari hamaika urte hauetan Basque Teamen inbertitutakoa bueltatzeko 'BaloreetanBAT' deituriko proiektua sendotzeko ere».

Berarekin izan dira bileran, baita ere, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirolaren zuzendaria, Maite Iturbe EiTBko zuzendaria eta Jose Luis Tejedor Euskal Federazioen Batasuneko ordezkaria ere.

Kirolari onenak

Urteko kirolari onenen berri emateko ere izan dute tartea. Eguzkilore urdinarekin saritu dituzte Jon Santacana eskiatzailea, Iñigo Peña piraguista, Maialen Garcia belar-hockey jokalaria, Amador Granados txirrindularia, Patxi Peula patinatzailea, Asier Agirre atleta eta Kerman Lejarraga boxeolaria.

Amaitzeko, Iñigo Urkullu lehendakariak Tokio 2020ko Jokoen garrantzia azpimarratu du, hitzorduak «aukera emango duelako eliteko kirola Euskadiko ezaugarri bereizle bihurtzeko, kirolaren eta osasunaren inguruko ezagutza bultzatzeko eta gero hori gizartean aplikatzeko».