https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal kantagintzaren urte oparoenak

Abesti herrikoiak jendartean gutxi entzuten zirenez, kanta zahar horiek hartu eta jantzi berriekin aurkeztu zituzten euskal abeslariek 60. hamarkadatik 80. aren amaierara arte

Ez dok amairu taldeko kideak./
Ez dok amairu taldeko kideak.
UNAI SARRIUGARTE

Euskal kantagintzaren oparotasunak 60. hamarkadatik 80. hamarkadaren amaiera arte iraun zuela esan ohi da. Mugimendu kultural honek hamarkada haietako gizarte eta politika egoera zituen hizpide gehienbat. Euskal abesti herrikoiak jendartean gutxi entzuten zirenez, kanta zahar horiek hartu eta jantzi berriekin aurkeztu zituzten euskal abeslariek.

Nemesio Etxaniz apaiz azpeitiarrak ederki islatu zuen euskal kantagintzak 50. hamarkadaren inguruan bizi izan zuen egoera. Halaxe zioen aizkoitiarrak idatzitako testu batek: «Kanta berrietara zaletutako gazteak, gure kanta zaharrez aspertu egiten dira. Herri-kanta horiek, zinetakoen aldean, motzak, gexak dirala, uste dute. Gure kanta zahar asko gainera, musikaz hain bikain direlarik, oso hitz arlotez jantziak dauzkagu. Nere iritziz, euskal olerkariak lan hau egin behar ligukete: lehengo doinu zaharrei, letra berria sortu, hitz apainagoak ezarri: gaurko gaztediari atseginago zaizkion maitasun-hitzak erantsi».

Hori dela bide, Etxaniz tango, runba, pasodoble eta garai hartan modan zeuden beste doinu batzuk moldatzen eta euskaratzen hasi zen. Azkoitiko Kontrapuntoak eta Bilboko Soroak laukotea izan ziren aitzindari kantu zaharrak modu berri batean aurkezten.

60. hamarkada, berpizkundea

Euskal kulturaren berpizkundearen hamarkada izan zen 1960koa. Gerediaga Elkarteak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka antolatu zuen lehendabizi. Gainera, euskal literatura garaikideak lehen urratsak ematen hasi zen: Txillardegiren 'Leturiaren egunkari ezkutua', Gabriel Arestiren 'Harri eta Herri', etab. Era berean, artista taldeak sortu ziren hegoaldeko lau euskal lurraldeetan: Gaur, Gipuzkoan; Hemen, Bizkaian; Orain, Araban eta Danok, Nafarroa Garaian esaterako.

Bestalde, Jorge Oteizak 'Quousque Tandem...!' argitaratu zuen. Liburu horrek eta oro har Oteizaren ideiek eragin handia izan zuten gero musikari garrantzitsuak izan diren gazte askorengan. Oteizak berak bultzatutako Euskal Arte Garaikidearen Eskola gauzatu ez arren, akuilu garrantzitsua izan zen 'Ez Dok Amairu' taldearen sorrerarako.

Hori dela bide, garai hartako eguneroko bizitzaren inguruan hasi ziren kantatzen zenbait gazte euskaldun: euskara, langabezia, errepresioa, etab. Kantu hauen bidez euskaldunon kontzientzia piztea bilatzen zen.

Hamairu zenbakiaren malefizioa

Mitxel Labeguerie lapurtarra Euskal Kantagintza Berriaren aita dela esan ohi da. Bi disko argitaratu zituen hark 1961 eta 1963 urteetan. Labeguerieren lehenengo diskak garrantzi handia izan zuen euskal kanta herrikoiaren estilo aldaketan. Hauek gitarra hutsez jorratutako abestiak ziren.

Bestalde, Alatz, Irkus, Ugutz eta Iker Robles-Arangiz anaiek osatutako Soroak laukoteak 1961. urtean argitaratutako diska «Euskal Kantagintza Berriaren lehenengo urratsa» izan zela esaten dute aditu askok. Soroak laukotea oraindik abestalde tradizionaleko moldeari atxikita zebilen nolabait.

Halaber, 1965. urtean 'Ez Dok Amairu' taldea sortu zen. Euskal Herriko kultura mugimendu abangoardista hau 1965tik 1972ra bitartean jardun zuen. Hainbat artistek osatu zuten, abeslariek eta idazleek nagusiki. Une hartan hain azpiratua zegoen euskal kultura suspertu eta berritu zuen mugimendu honek.

Talde honen partaideak honako hauexek izan ziren: Joxean Artze eta Jexux Artze, Nestor Basterretxea, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Julen Lekuona, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Jorge Oteiza etab.

Jorge Oteiza gipuzkoar eskultoreak eman zion izena taldeari, Resurreccion Maria Azkuek 'Euskalerriaren yakintza' liburuan jasotako Martin Errementariaren ipuina baliatuta.

'Ez Dok Amairu' taldearekin hamairu zenbakiaren malefizioa apurtuko zuten, euskal kultura garaikidearen malefizioa alegia. Taldearen helburuetako bat kantu zaharrak berreskuratzea zen, tradizioa ezagutarazteko. Eta hortik abiatuta, kantu berriak sortzea.

'Ez Dok Amairu' taldearen oihartzuna oso handia izan zen eta Euskal Kantagintza Berriaren joera euskal lurralde osoan zabaldu egin zen: Maite Idirin, Oskorri taldea (Natxo de Felipe abeslariarekin), Gontzal Mendibil, Estitxu, Ipar Euskal Herriko kantaldien loraldia, Ortziken kolektiboa, Pantxoa eta Peio, Etxamendi eta Larralde, Antton Valverde eta abar.

Euskararen aldeko jaialdiak

Mugimendu horretan mugarri garrantzitsu bat egon zen: 1976ko martxoaren 27an Herri Irratiak Donostiako Anoetako belodromoan eginiko '24 orduak euskaraz' jaialdia, hain zuzen ere. Bertan, Artze anaiak, Jean Mixel Bedaxagar, Lourdes Iriondo, Gorka Knörr, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lupe, Gontzal Mendibil eta beste hainbat musikari aritu ziren oholtza gainean.

Mugimendu horretan beste zedarri bat egon zen. Hauxe, San Mames futbol zelaian egindako 'Bai Euskarari' jaialdia izan zen. Ekitaldi hura 1978an egin zen eta bertan hainbat kantarik, bertsolarik eta idazlek hartu zuten parte: Lourdes Iriondo, Jean-Louis Davant, Gorka Knörr, Mikel Laboa, Lupe, Xabier Amuriza, Urko, Antton Valverde, Gontzal Mendibil, Xabier Lete, Oskorri, Pantxoa eta Peio etab.

Euskal kantagintzaren ospea

Kantaldien gorakadak islada zuzena izan zuen diskoen ekoizpenean eta salmentan. Diskoetxe berriak agertzearekin batera (IZ, Elkar...) kantuak grabatzeko eta argitaratzeko inoiz baino aukera gehiago izan zituzten euskal kantariek, eta disko batzuek ezohiko salmenta kopuruak lortu zituzten.

Euskal kantagintzaren arrakasta zela medio, Espainiako zenbait diskoetxe handik (CBS, Movieplay, Zafiro...) euskarazko diskoak salgarriak zirela ikusita, hemengo kantariengana jotzea erabaki zuten: Oskorri, Urko, Niko Etxart, Gorka Knörr, Iñaki Eizmendi, Miren Aranburu, Lupe...

Era berean, gaztelaniaz abesten zuten zenbait abeslarik euskaraz diskoak grabatzeari ekin zioten: Patxi Andion (Joxe Maria Iparragirre Patxi Andion'en erara), Mocedades (Kantaldia), etab. Urte batzuk geroago, gauza bera egin zuen Mocedades taldeko abeslari zen Amaia Urangak ere (Lilura urdinak).

Garai hartako hainbat kantari eta bertsolari euskaldun ezagun dira: Jean Mixel Bedaxagar, Jon Enbeita, Estitxu, Imanol Larzabal, Natxo de Felipe, Maite Idirin, Lourdes Iriondo, Gorka Knörr, Mixel Labéguerie, Niko Etxart, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lupe, Gontzal Mendibil, Oskarbi taldea, Manex Pagola, Pantxoa Carrere eta Peio Ospital, Urko, Antton Valverde etab.

Euskal Rock Erradikala

Gero, 80ko eta 90ko hamarkada Euskal Rock Erradikalaren garaia izan zen. Musika mugimendu honek estilo ezberdinak nahasten zituen: punka, rocka, ska eta reggea, besteak beste. Banda hauen letrak kritika soziala eta politikoa zuten helburu gehienbat.

Euskaraz abesten hasi ziren lehen taldeen artean Hertzainak eta Zarama ditugu. Izan ere, Euskal Herri mailan Rock Erradikala euskarazko letrekin eskaintzen zuten talde bakarrak ziren. Garai hartan hainbat talde sortu ziren euskal lurraldean: Hertzainak, La Polla Records, Zarama, MCD, Eskorbuto, Barricada, RIP, Kortatu, Negu Gorriak, Cicatriz, Piperrak etab.

Bestalde, rock musika estiloa gogor sartu zen Euskal Herrian 90. hamarkadan. Garai horietako talde askok egun oholtza gainean dihardute oraindik: Su Ta Gar, Berri Txarrak, Exkixu, egungo Gatibu edota Ken Zazpi garai honetako taldeak dira.