https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal kanta ezagunen koreografiak eramango dituzte Euskalduna Jauregira

'Kantuetan Dantzan' ikuskizuna urrian, Euskalduna Jauregian, oholtzaratuko dute. Bost musika taldek parte hartuko dute, eta Amilotx Dantza Taldeko dantzariekin ibiliko dira taula gainean

AMALIA IBARGUTXI

«Dana eman behar jako maite dan askatasunari» idatzi zuen Lauaxetak XX. mende hasieran, eta Mungiako Amilotx Dantza Taldeak herriko poetaren esaldi horren inguruko ikuskizuna prestatu du «dantza eman behar jakolako maite dan askatasunari».

'Kantuetan Dantzan' izendatu dute ikuskizuna, urriaren 6an Euskalduna Jauregian oholtzaratuko dutena. Askotariko artista euskaldunak eramango dituzte bertara, eta Amilotx Dantza Taldeko dantzariekin batera ibiliko dira taula gainean. Bi orduz abesti ezagunak entzun eta ikusteko aukera izango dute ikusleek.

Iñaki Goirizelaia dantza taldeko irakasle eta ikuskizuneko koreografia gehienen egileak azaldu duenez, hamarkada bat baino gehiago eman dute ekimen honetan lanean, 2005. urtean Lauaxetaren jaiotzaren 100. urteurrenerako ospakizunerako koreografia berriak sortu zituztenetik. Erronka handia izan zen, «baina aldi berean, euskal dantzaren munduan ekarpen interesgarri bezain xumea egin genezakeela ohartu ginen. Horrela, kantu ezberdinak aukeratzen eta koreografiatzen hasi ginen. Ordutik hona ugari sortu ditugu, ezaugarri komun batekin: sustraiak eta gure ekarpenak uztartu ditugu».

Tradizioa eta modernitatea nahastuz sorkuntzan urrats bat egin nahi izan dute. «Eta nork daki, Xabi Payak gure ikuskizun batean kantatu zuen bezala, gure gaurko dantza berriak etorkizuneko dantza tradizionalak izan daitezke».

Horrela eman dute aditzera astelehen goizean Euskalduna Jauregian egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira ekitaldia babestu duten instituzioetako ordezkariak: Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru diputatua eta Ager Izagirre, Mungiako Udaleko alkatea.

Momentuz, «harrera bikaina» izan dutela nabarmendu du eta eskerrak eman dizkiete ekitaldia aurrera ateratzen lagundu dieten Bizkaiko Foru Aldundiari, Mungiako Udalari eta Euskalduna Jauregiari, eta nola ez, ikuskizunean parte hartzeko gonbita onartu duten musika taldeei.

Mungiako alkatea, bere aldetik, harro agertu da eimenarekin. «Txalotzekoa da gure herriari egiten dioten ekarpena. Herri batek ez du aurrera egiten bere jatorria egoera berrietara egokitu gabe, eta hori da Amilotxek egiten duena: gure herriaren nortasuna hartu, mantendu, transmititu, egokitu eta adierazteko forma berriak sortu», esan du Ager Izagirrek.

Bost musika talde

'Kantuetan Dantzan' ikuskizunean bost musika taldek parte hartuko dute. Ruper Ordorika, Antton Valverde, Itziarren Semeak, Oreka TX eta Korrontzik. «Eta dagoeneko ez dauden, baina bere kantuekin hilezkor bihurtu diren Mikel Laboa eta Xabier Lete ere bai», gaineratu du. «Musika estilo ezberdinak uztartzeko» saiakera egin dutela nabarmendu du, bestalde, Izagirrek. «Kontzertuak publiko anitza izatea nahi dugu», adierazi du.

Kantu horien koreografia gehienak Amilotx Dantza Taldeak sortu ditu, lan originalak dira. «Euskal dantzetan oinarrituta gure estilo propioa sortu dugu, dantza klasikoak eta garaikideak eraginda. Guztira hogeita bost dantzarik parte hartuko dute. Musika taldeak aukeratzeko irizpide bera jarraitu dugu, estilo ezberdinak nahastuz».

Ekitaldia Xabier Payak gidatuko du, eta zenbait sorpresa izango direla iragarri dute aurkezpen prentsaurrekoan, «urriaren 6an argituko direnak».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos