https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal izendegiarekin malguago jokatzea eskatuko dio Euskaltzaindiak Espainiako Justizia Ministerioari

Baraiazarrari Itzulpen Onenaren Sari Nazionala eman zioten 2016ko azaroaren 3an, Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskaratzeagatik

ELCORREO.COM

Euskaltzaindiak harremanak gauzatuko ditu Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioarekin, «euskal izendegiarentzat bestelako bideak asmatzeko», malguago joka dezan. Dena den, Akademiak gogoratu duenez, erakunde aholku emaile ofiziala denez, legeriaren arabera jokatu behar du izendegiari dagokionez, Erregistro Zibilarekiko ahalmenak Euskaltzainditik kanpo baitaude.

Akademiak jakinarazi duenez, 2016an, Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainari gertatutakoa gogoan, Itzulpen Onenaren Sari Nazionalaren oinarri arauak aztertu eta aldatzeko proposamena egin zion Euskaltzaindiak Iñigo Méndez de Vigo Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroari. Baraiazarrari Itzulpen Onenaren Sari Nazionala eman zioten 2016ko azaroaren 3an, Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskaratzeagatik, baina, egun horretan bertan, Kultura Ministerioak balio gabe utzi zuen erabakia, itzulpenak Ministerioak berak aurretiaz ezarritako oinarri arauak betetzen ez zituelako.

Hilabete batzuk geroago, Akademiari kasu egin eta Sari Nazionalaren oinarri arauak aldatu zituen Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak, aurrerantzean, gaztelaniatik Estatuko beste hizkuntza ofizialetara, hots, katalanera, galegora edo euskarara eginiko itzulpenak sarituko zirela aginduz, eta alderantziz, berdin.

Orain, antzerako bidetik ekin nahi dio Euskaltzaindiak, eta Espainiako Justizia Ministerioari eskatuko dio malguago joka dezan euskal izendegiarekin. Akademiak, erakunde aholku emaile ofiziala denez, legeriaren arabera jokatu behar du izendegiari dagokionez, Erregistro Zibilarekiko ahalmenak akademiatik kanpo baitaude. Berez, Euskaltzaindiak egiten duena zera da: euskararen ikuspegitik onargarri eta erabilgarri izan daitekeen izendegia etengabe moldatzen joan, Onomastika Batzordearen eskutik. Modu horretan eusten die Euskaltzaindiak euskararen batasunari eta euskarak tokian tokiko dituen errealitateei.

Gauzak horrela, Euskaltzaindiak badu bere hurbileko asmoen artean harremanak gauzatzea Espainiako Justizia Ministerioarekin, «euskal izendegiarentzat bestelako bideak asmatzeko» eta, euskararen ezaugarriak kontuan hartuz, oraingo legeriaren edukia malgutzeko. «Euskaltzaindiak Espainiako Ministerioari azaldu nahi dio euskararen ezaugarri propioak kontuan hartu behar direla izendegian genero bereizteari dagokionez: bestela, hizkuntza erromanikoetatik datozen irizpideak aplikatuko genizkioke euskarari, eta horrek ez du inolako logikarik», azaldu du Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos