https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal ikasleek klimaren aldeko greba egingo dute maiatzaren 24ean

Klimaren aldeko aurreko greba martxoaren 15ean egin zen./Luis Ángel Gómez
Klimaren aldeko aurreko greba martxoaren 15ean egin zen. / Luis Ángel Gómez

Ekimen hau 'Friday For Future' nazioarteko klimaren aldeko dinamikaren barruan egingo dute

UNAI SARRIUGARTE

Euskal ikasleek klimaren aldeko greba burutuko dute datorren maiatzaren 24ean 'Friday For Future' (Etorkizunaren aldeko ostiralak) nazioarteko klimaren aldeko dinamikaren barruan. Izan ere, erakunde honek mundu osoko ikasleentzako deialdia luzatu du maiatzaren 24rako.

'15-M klimatiko' izenarekin ezagutzen den ikasle protesta berria Greta Thunberg suediar ikasle eta ekintzaileari esker hasi zen 2018. urteko abuztuan. 15 urtekoneska gazteak eskola utzi eta Stockholmoko parlamentuaren atarian eserialdia burutu zuen. Bere aldemenean honela zioen kartel bat zeukan: 'Skolstrejk för klimatet' (Eskola-greba klimaren alde).

Suediar aktibista gazteak irailaren 8an Suediako Gobernuak klimaren aldeko Parisko ituna sinatu eta karbono isuriak murrizteko erabakia hartu arte, ostiralero eskola-greba egingo zuela erabaki zuen.

Horrela, Greta Thunbergen eserialdiak munduko komunikabide ezberdinen arreta piztu eta grebaren albistearen oihartzunak mundu guztiko txokoak zeharkatu zituen. Hori dela bide, azken hilabeteotan munduko hainbat eskoletako Thunbergen jarraitzaileek mobilizazio ugari egin dituzte.

Azaroan milakoetan konta zitezkeen Australiako ostiraletako grebalariak. Abendurako mundu osoan milaka ikasle senti zitezkeen protestetan: Austria, Belgika, Kanada, Herbehereak, Alemania, Finlandia, Danimarka, Japonia, Suitza, Britainia Handia, AEBak etab.

Euskal Herri mailan nagusiki 'Bizi!' euskal mugimendu altermundialistak egin dio jarraipena mugimendu berri honi. 'Bizi!' 2009. urtean sortutako mugimendua da eta Ipar Euskal Herrian dihardu gehienbat. Larrialdi klimatiko eta ekologiaren arloan, erakunde honek justizia sozialaren alde egiten du. Euskal ekologia elkarteak 600 bat kide ditu gaur egun.

Klimaren aldeko aurreko greba martxoaren 15ean egin zen eta bertan Euskal Herri osoko ikasleek egin zituzten greba eta elkarretaratzeak. Gasteizko udaletxean 200 pertsona inguru bildu ziren, Donostian, berriz, 30 bat ikasle eta Bilbon 300 ikasle inguruk 'gure etorkizuna ez da zuen jokoa' eta 'sistema alda dezagun, ez klima' leloak oihukatuz munduko klima aldaketaren alde egin zuten.