https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa argitaratu du Euskaltzaindiak

Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa argitaratu du Euskaltzaindiak
Manu Cecilio

Argitalpen honi esker euskararen oinarriak maila akademikoan jarri dira

UNAI SARRIUGARTE

Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa argitaratu du Euskaltzaindiak, EHHE-200 deiturikoa. Izan ere, etimologia eta hiztegi etimologikoak hizkuntzaren barne historia aplikatua dira. Fonologian, morfologian, dialektologian, lexikologian, sintaxi diakronikoan oinarritu eta hitzen inguruan antolatutako hizkuntzaren historiaren ikerketa eta azalpena.

Joseba Lakarra euskaltzaina arduratu da hiztegia jorratu duen ikertzaile taldea zuzentzeaz. Julen Manterolak, Iñaki Segurolak, Gabriel Frailek eta Koro Segurolak osatu dute talde hau. 2009an Urkiolan egindako biltzarrean onartu zuen proiektuari ekitea Euskaltzaindiak. 2010ean hasi zuten lana eta 9 urte buru belarri lanean eman ondoren asteazkenean, uztailak 3, aurkeztu zuten emaitza, Bilbon. Baionan beste aurkezpen bat egingo dute datozen egunotan.

Biografiaren aurkezpenean Joseba Lakarra euskaltzaina, Nora Sarasola Bilbo Ekintzaren zuzendaria, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Andres Urrutia euskaltzainburua, Lorea Bilbao Kultura diputatua, Mikel Arregi euskal kazetaria eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidentea egon ziren hurrenez hurren.

Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu zuenez: «badakigu euskararen etimologia oso eztabaidatua izan dela, ia gutariko bakoitza etimologista bat da, edo hala uste dugu«. Bere ustetan argitalpen honi esker, euskararen oinarriak maila akademikoan jarri dira.

Oraingoz, papereko bertsioan bakarrik argitaratu dute hiztegia eta Elkar liburu-dendetan jada salgai dago. Hemendik gutxira, papereko bertsioa euskarri digitalean aurkeztea aurreikusi du Euskararen Akademia Ofizialak. Euskaltzaindiarentzat eta euskararentzat garrantzi nabarmena dauka argitalpen berri honek, etimologiaren alorra oraindik gutxi landu izan baita akademikoki.

Biografia hau 200 hitz familiatako 2.600 sarrera eta azpisarrerak osatzen dute. Familiaka jorratu izan dute hiztegia, ordena alfabetikoaren arabera. Hiztegia egin aurretik, hitzak hautatzeko irizpide diakroniko estandarrak baliatu izan dituzte. 200 hitz familia horietatik, 100 inguru jatorri zaharrekoak, haien antzinatasuna protohistoriakoa edota historiaurrekoa da, eta, beste erdia, berriz, mailegatuak dira.