https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal Hirigune Elkargoak eta Nafarroak, 'Share' erronka migratzailean hartuko dute parte

Euskal Hirigune Elkargoak eta Nafarroak, 'Share' erronka migratzailean hartuko dute parte

Asilo eskaera egin duten 2.000 pertsona artatu ditu Euskadik

UNAI SARRIUGARTE

Euskal Hirigune Elkargoak eta Nafarroak hartuko dute parte Eusko Jaurlaritzak sustaturiko 'Share' erronka migratzailean. 'Share' ekimena Eusko Jaurlaritzak pasa den udazkenean onetsitako Europar Batasunean migrazioaren erronkari heltzeko erantzunkidetasun-printzipioa era transbertsalean aplikatzeko egitasmoa da. Hots, zerbait hobea egin daitekeela erantzuteko egindako proposamena, izan ere, egungo Europako erantzuna eskasa da.

'Share' egitasmoak migratzaileak hartzeko honako irizpide hauek hartzen ditu kontuan: lurralde bakoitzaren egoera zein den, horren araberakoa izatea migratzaile kopurua. Lurraldearen zerga bidezko diru sarrerak, biztanle kopurua eta langabezia tasa hartu nahi dituzte erreferentzitzat.

Gaur egun hauexek dira ekimen honetan parte hartzen dabiltzan eskualdeak: Kanariar Irlak, Nafarroa, Katalunia, Melilla, Euskal Hirigune Elkargoa, Atika (Grezia), eta Akitania Berria (Frantzia). Gainera, beste zenbait gobernu proposamen honetara batzea eztabaidatzen dabiltza.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, migrazio krisia martxan jarri zenetik, asilo eskaera egin duten 2.000 pertsona artatu ditu gobernu autonomikoak. Bestalde, Nafarroan 700 emigrante baino gehiagori ari zaizkie harrera egiten.

'Share' ekimenaren gakoaren aplikazioa hiru gai-esparrutan laburbiltzen da: batetik, errefuxiatuak eta asilo-eskatzaileak; bestetik, migratzaile ekonomikoak larrialdiko eta zaurgarritasuneko testuinguruetan; eta, azkenik, bidaiderik gabe migratzen duten adingabeak edo gazteak.

Aipatu dugunez, 'Share' Proposamena Eusko Jaurlaritzak pasa den irailaren 19an aurkeztu zuen. Harrezkero, zenbait bilera eta bilkura egin dira. Otsailaren 27an lehen bilera egin zen Bilbon eta bigarrena, berriz, apirilaren 2an, Bruselan. Azken hitzordu honetan hogei gobernu baino gehiagori proposamena aurkeztu eta eskaini zitzaien.