https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal Hirigune Elkargoak aholku-emaile ofizial izendatu du Euskaltzaindia

Euskal Herri osoko aitortza instituzionala duen erakunde bakarra da Euskaltzaindia, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hiru administrazioetan lortutako hitzarmenei esker

AMALIA IBARGUTXI

Euskaltzaindiak eta Euskal Hirigune Elkargoak hitzarmen «garrantzitsua» izenpetu dute Baionan. Euskararen Akademiak jakinarazi duenez, Euskaltzaindiaren egitasmoek interes publiko «nabarmena» dutela aitortu du Euskal Hirigune Elkargoak, eta, euskarari dagokionez, aholku-emaile ofizial izendatu du Akademia.

Euskal Hirigune Elkargoa Ipar Euskal Herri osoa hartzen duen hirigune elkargoa da, egituraketa administratibo bateratua lortzeko eratutakoa. Hitzarmenaren bidez, konpromiso «zabaletara» engaiatu da Elkargoa. Besteak beste, Euskaltzaindiak emaniko arauak, gomendioak eta irizpenak jarraitzera, hizkuntzaren kalitatean sortzen diren hutsuneak Euskaltzaindiari jakinaraztera eta elkar-aditze egitura bat sortzeko konpromisoa dira onartu dituztenak.

Euskararen sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da bi erakundeen arteko elkarlana, bereziki, «Akademia Ipar Euskal Herrian ezagutarazteko xedez eta mendeurrenaren harira antolatuko diren ekimenetan».

Era berean, onomastikaren alorreko zalantzak argitzera eta horren gaineko datu-base bat sortzera konprometitu dira. Ekintza horiek burutzeko 20.000 euroko diru-laguntza jasoko du Euskaltzaindiak. Euskaltzaindiaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren hitzarmenak 2019ko abendura arte iraungo du.

Horrekin, Euskal Herri osoko aitortza instituzionala duen erakunde bakarra da Euskaltzaindia, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hiru administrazioetan lortutako hitzarmenei esker. Euskal Hirigune Elkargoarekin lortu berri duenaz gainera, erakunde aholku-emaile ofiziala da, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, baita Nafarroako Foru Komunitatean ere, eta bere finantzaketa bi autonomia erkidegoetako nahiz Espainiako Estatuko funts publikoetatik eskuratzen du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos