https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal Herriko Zinekluben lehenengo topaketa ospatuko da irailaren 14an Donostian

Euskal Herriko Zinekluben lehenengo topaketa ospatuko da irailaren 14an Donostian
AFP

Ekimen honek euskal lurraldeko zinekluben arteko harremana sustatzea du xede

UNAI SARRIUGARTE

Euskal Herriko Zinekluben lehenengo topaketa ospatuko da irailaren 14an Donostian. Aurten Donostiako Kresala Zinekluba hausnarketa prozesu batean murgildu dabil. Dinamika honen ondorioetako bat beste elkarte eta zineklub batzuekin elkarlanean egotea onuragarria dela antzematea izan da. Hori dela bide, Euskal Herri mailako zinekluben hitzordua ospatzea erabaki dute, harreman horiek sendotzeko helburuarekin.

Gipuzkoako zineklubik zaharrena dena arduratu da euskal lurraldean aitzindaria den egitasmo honen antolaketaz. Ekimen honek bertako zinekluben arteko harremana sustatzea izango du xede, nork bere kezka eta erronkak besteekin partekatzeko, eta bereziki, elkar ezagutzeko baliatuko dute jardunaldia.

Ekimenak goizeko eta arratsaldeko saioak izango ditu. Bertan zineklub gonbidatuek hauen egungo egoeraren eta etorkizunak ekarriko dituen aukeren inguruan mintzatuko dira. Goizeko saioan Bilboko Fas, Azkoitiko Matadeixe Zinetogram, Iruñeako Lehen Saioa eta Donostiako Kresala taldeak arituko dira. Arratsaldekoan, berriz, Julio Lamanak, Nazioarteko Zinekluben Federazioko idazkari nagusiak, Zinema elkarteen arteko lankidetza eta horren onurak aztertuko ditu.

Era berean, arratsaldean Espainiako banatzaileen aurkezpen bat egingo dute, haien lanaren azalpena egiteaz harago, euren proiektu eta produktuak aurkezteko. Aurkezpen honetako ondorio eta iritzien solasaldiaren ondoren, zineforum emanaldi batek itxiko du egitaraua.

Bertan esku hartzeko honako formularioa honetan datu konkretu batzuk bete behar dira: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLScHk1nHl6pRRYDYwA5XcNOx_VyAgYwCxd_1fghT42B097gA4g/viewform?usp=send_form. Ekitaldia bertan parte-hartu nahi duen edonori zuzendua dago. Edonola ere, aretoko eserlekuak mugatuak dira. Hortaz, lehenbailehen izen ematea gomendatzen dute.