Eneko Agirre EHUko Informatika irakasleak Google-en ikerketa sari bat irabazi du
80.000 dolar eskuratuko ditu 'Accessing FAQ and CQA sites via dialogue' ikerketa lanarengatik. Bere proiektuak Interneten dagoen ahalik eta informazio gehien laguntzaile birtual baten bidez eskuratzea du helburu
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 8 maiatza 2019, 21:41
Eneko Agirre Euskal Herriko Unibertsitateko informatika irakasleak Google-en ikerketa sari bat jaso du 'Accessing FAQ and CQA sites via dialogue' lanarengatik. Ikerketa honek makinekin Interneten dagoen informazioari buruz hitz egiten ahal izateko elkarrizketa sistemak garatzea du helburu. Ikerketarengatik Agirrek 80.000 dolarreko saria jasoko du.
Agirrek Arantxa Otegi ikertzailea eta Jon Ander Campos doktoregaia izan ditu lankide ikerketa honetan. Estatubatuar internet bilatzaileak 12 sari eman ditu hizkuntzaren prozesamenduaren arloan, eta 158 proposamen saritu ditu, Adimen Artifizialaren esparruko 18 arloetako 910 hautagairen artean. 910 hautagaiak, 40 herrialdetik etorritako 320 Unibertsitateko ikertzaileak dira.
Eneko Agirre Informatika Zientzietan lizentziadun eta doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Letretan lizentziadun Edinburgoko Unibertsitatean. Irakasle izana da Estatu Batuetako Stanford Unibertsitatean eta Melbourneko Unibertsitatean, eta baita Ixa Taldeko eta sortu berri den HITZ ikerkuntza zentroko kidea ere.
Agirrek aurkeztutako proiektuak, Interneten dagoen ahalik eta informazio gehiena laguntzaile birtual baten bidez eskuratzea du helburu. Elkarrizketa sistema honek adimen artifizialeko tekniken bidez funtzionatzen du. Agirrek helarazi duenez: «erronka informazio hori pertsonarekin ahalik eta modurik naturalenean elkarrizketatuz ematean datza».
Hori dela bide, ikerketa taldeak bi pertsonaren arteko elkarrizketa mordoa jasoko ditu. Elkarrizketa hauetan pertsona batek galderak egingo ditu eta besteak, berriz, dokumentu zehatz batean datorren informazioan oinarrituz emango ditu erantzunak.
Proiektu hau ingelesez egindako elkarrizketetan oinarrituta dago. Dena den, ikertzaileek beste hizkuntza batzuetan ere elkarrizketak jasotzeko asmoa dute. Egun, Ixa Taldea, hizkuntzaren tratamendu automatikoan lanean diharduen Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketa Taldea, elkarrizketak euskaraz jaso ahal izateko bountarioen bila dabil. Proiektuan parte hartu nahi izanez gero, nahikoa da hemen sartu eta izena ematearekin.