https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

EHUn ikasi duten gizonezko eta emakumezkoen soldaten artean 112 euroko ezberdintasuna dago batez beste hilean

EHUko Leioako Campusa./Jordi Alemany
EHUko Leioako Campusa. / Jordi Alemany

Lan berbera egiteagatik gizonezkoek 1.618 euro irabazten dute hilean. Emakumeek, berriz, 1.506 euro

UNAI SARRIUGARTE

Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak burutu izan dituzten gizonezko eta emakumezkoen soldaten artean 112 euroko ezberdintasuna dago batez beste hilean. Lan berbera egiteagatik gizonezkoek 1.618 euro irabazten dute. Emakumeek, berriz, 1.506 euro. Datuok EHUk eman ditu aditzera, 2015. urtean ikasketak amaitu zituzten pertsonen laneratze datuei erreparatu ondoren.

Lan munduratzeari buruzko ikerketa txosten hau pasa den astelehenean, uztailak 15, aurkeztu zuten Nekane Balluerka EHUko errektoreak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak. Ikerketa burutu ahal izateko 2015. urtean ikasketak bukatu zituztenei euren lan egoerari buruzko galdeketa bat egin diete. Galdeketa hau promozioko %72k, hau da, 6.981 gaztek erantzun dute.

Balluerkak eta Artolazabalek «positibotzat» jo zituzten emaitzak. Balluerkak azken urteotan EHUn ikasi dutenen laneratzea nabarmenki hobetu dela gaineratu zuen. Era berean, EHUko errektoreak unibertsitate publikoan ikastea lan merkatura jotzeko aukera ezin hobea dela helarazi zuen

Datu orokorrak hobetu egin dira. Inkestan esku hartu duten %85a Euskal Herriko Unibertsitateak jasotako prestakuntzarekin lotutako lanpostu batean ari dira lan egiten ikasketak amaitu eta hiru urtera. Edonola ere, emakumezkoen eta gizonezkoen soldaten artean oraindik alde handia dago.

Artolazabal sailburuak aitortu zuen hori dela aurrerantzean jorratu behar izango duten ertz nagusietako bat. Emakumeen laneratzeak gora egin du, baina sailburuaren ustetan txosteneko emaitzek sexuen artean dagoen arrakala islatzen dute oraindik.

Bestalde, Balluerkak euskarak laneratzerako orduan duen izugarrizko pisua goraipatu zuen. Gizarte Zientzietan bereziki, %66 aritzen dira egunero euskaraz esparru horretan. Zientzia Ekonomiko-juridikoetan, berriz, euskarak ia ez du presentziarik,%30eko erabilera. EHUko errektoreak adierazi zuenez: «gure unibertsitatearen izaera euskalduna haren identitatearen balio osagarria izateaz gainera, benetako gizarte eta lan beharren araberako erantzuna ere bada».

Temas

Upv, Euskera